Edurne Arrizibita: “Salbatzea zorte kontua izan da, inguruan babesleku ona harrapatzea; horren arabera izan dira zauriak”

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 26a, 08:29

> “Asmoa da gehientsuenak ongi samar gaudelarik lehen taldetxo bat itzultzea”.
> “Xerpek beren bizitza arriskuan jarri zuten, gure lagunetako bat erreskatatzeko”.
> Nepalgo atzoko harri-jausitik onik atera da Arrizibita.

Adolfo Ripa 66 mendigoizale txantrearra, bi xerpa eta mendi gidari bat zendu ziren atzo Nepalen, Manaslu mendiaren inguruan, Dhaban herritik gertu, hainbat harri gainera erorita. Zorigaiztoko gertakari latz horretatik zorionez onik atera ziren Euskalerria Irratiarekin lotura duten hiru lagun: Amaia Lasa teknikaria, haren mutil Miguel Andres eta Edurne Arrizibita esatari ohia. Arrizibita Euskalerria Irratiarekin mintzatu da telefonoz, Nepaletik.

Non, noiz, nola gertatu zen ezbeharra?

Dhaban herri inguruan ginen, gure treking-eko laugarren eguna zen. Oso ongi zihoan dena, oso gustura ginen, eta oso leku politak ikusten ari ginen. Ibilbidea egiten ari ginen, errenkadan, eta mendi magal baten inguruan ginen. Hortik pasa behar genuen. Aldez aurretik, gizon batzuekin topatu ginen, eta zer edo zer komentatu ziguten, goitik erortzen zela zerbait, baina ez genuen ongi ulertu, nik behintzat ez. Aitzina jarraitu genuen. Zeharkatu genuen ibai bat, eta mendi magalean ginela, bat-batean hots batzuk entzun ziren eta hasi ziren harriak erortzen, kristoren harritzarrak, indar handiz, harri pilo bat. Eta orduan ahal izan genuen moduan gerturatu ginen alboan genituen arroketara. Bakoitza zegoen tokitik ahal zuen babes gune hobera. Ez genekien zer gertatzen ari zen. Xerpa batzuek lagundu ziguten. Ondoan zituztenei esan zieten alboratzeko, oihuka. Eta besteok ahal izan genuen moduan aurkitu genuen babesa. Hor zorteak funtzionatzen du. Bakoitza zegoen tokitik ahal zuen tokira arrimatu zen, eta horren arabera izan dira zauriak. Babes hobea lortzeko aukera izan genuenok inolako zauririk ez dugu izan. Eta beste batzuek, berriz, kolpeak hartu zituzten buruan, hanketan…

Zaurituak ez ezik, hildakoak ere izan ziren. Nolakoa izan zen erreskatea?

Egia esan gauzak oso azkar pasa ziren. Eta aldi berean oso motel. Beti esaten dena: minutu batek zenbat iraun dezakeen. Minutu pare bat pasa ziren harri guztiak erori ziren arte. Eta orduan elkarri begiratu genion, ikusteko norbait geneukan alboan, ez baikenekien. Batzuk elkarrekin zihoazen. Ni , aldiz, bakarrik nengoen. Batzuk aurretik. Beste batzuk atzetik. Lehen gauza izan zen, beldur handiz, ez baikenekien zer gertatzen ari zen, ateratzea gure babesgunetik eta ikustea albokoa nola zegoen. Batzuek odol jarioa zeukaten buruan. Segituan hobeto ginenak elkartu ginen. Bazegoen gizon bat bi hankak hautsita zituela uste genuena. Batean hezurra agerian zuen. Bestean, odol pilo bat. Hura atera genuen ahal izan genuen moduan eta beldur handiz, ez baikenekien harri gehiago eroriko zen. Gerora batzuk atzean gelditutako batengana hurbildu ziren. Harri askoren azpian zegoen. Berari hitz egin eta ez zuen deus esaten. Hori zen hil den gure laguna, Fito [Adolfo Ripa]. Behean, magalaren azpialdean, bazen ibai bat, korronte handikoa. Eta nonbait horra erori ziren bi lagun. Jaitsi ziren eta hor xerpa bat zegoen, baina nonbait hil egin da jada, tripa lehertu omen baitzitzaion. Eta gero bazegoen Lantzeko gure lagun bat, nahiko larri zebilena. Eta orduan etorri ziren beste bi xerpa eta deus pentsatu gabe eta beren burua arriskuan jarriz jaitsi ziren eta atera zuten ahal izan zuten moduan. Gutxinaka biltzen joan ginen. Gure bi xerpa hil egin ziren baina orduan ez genekien. Ondoan, hiru emakume zihoazen beste taldetxo batean, eta horietako bat hil zen. Hurbildu zitzaizkigun, negarrez. Esan genien gurekin etortzeko. Baina esan ziguten haien laguna hil zela eta ez zirela mugituko. Ateratzen joan ginen xerpen laguntzaz, baina gu kikilduta ginen, ez baikenekien berriro harriak eroriko ziren. Xerpek deia egin zuten, helikopteroak etor zitezen. Erreskatea oso ongi joan zen, oso azkar egin zuten dena. Eskerrak eman nahi ditugu horregatik. Bost helikopterotan ospitalera ekarri gintuzten, eta ospitalean artatu gintuzten, oso azkar.

Zorigaiztoko gertakari latz honetan, zorionez irratitik gertuen zaudetenok, Amaia Lasa, Miguel Andres eta zu zeu, onik atera zarete.

Bai, zorte handia izan dugu. Baina zortea izan da. Kasualitatez, geunden tokietan aukera izan genuen babesleku on bat harrapatzeko. Baina gerta zitekeen hildakoa ni, edo Amaia, edo Miguel izatea. Hala gertatu da, eta beste aukera bat daukagu aurrera egiteko, eta bizitzari aurre egiteko.

Itzulera noiz, nola?

Oraindik oso goiz da esateko noiz. Egia esan New Delhiko enbaxadorea heldu da hona. Beraiek arduratuko dira hildakoaren gorpua eramateaz, eta laguntza eskaini digu. Galdetu digu noiz bueltatuko garen, zer egin behar dugun. Egia esan, gure artean ez dugu hitz egin. Atzoko eta  gaurko egunak oso trinkoak izan dira. Saiatu gara zaurituen ondoan egoten, medikuekin. Itzultzaile lanak egin behar izan ditugu, gutako askok ez dakitelako ingelesez. Oso trinkoa izan da. Noiz itzuli? Pixka bat hitz egin dugu, baina ez dugu ezer zehaztu. Asmoa da gehientsuenak ongi samar daudelarik lehen taldetxo bat itzultzea. Batzuk dezente ongi daude, baina ospitalean oraindik zortzi bat daude. Horietako bik denbora gehiago eman beharko dute hemen. Ongi samar daude, nahiz eta larri segitzen duten. Guk ikusi nahi dugu gure lagunak ongi daudela. Eta taldeko guztiok eskerrak eman nahiko genizkieke Nepalgo jendeari eta istripua eduki genuen herriko jendeari. Izugarri jator portatu dira. Hurbildu ziren. Lagundu ziguten. Jendea erreskatatzen eta ohatiletan eramaten lagundu zuten. Gure xerpei ere bai, beren bizitza arriskuan jarri baitzuten gure laguna erreskatatzeko. Eta ospitalean ere oso ongi portatu dira

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!