Atzo sartu zen ETB Nafarroako etxeetara berriz, EAEk eta Nafarroak sinatutako hitzarmenari esker. Ez dago zonalde guztietan, baina: ETB3 herrialde osoan ikusten da, Iruñerrian izan ezik. Alegia, nafarren erdiek ezin dute ikusi.
Gainontzekoan, ETB2 Iruñerrian, Tafallaldean, Lizarraldean, Zangotzan eta Tutera inguruan ikus daiteke. ETB1, aldiz, Nafarroa osoan.
Lau urtetarako akordioa
Vaughan kateak haren telebista lizentziari uko egiteak ahalbidetu du, hein handi batean, kateen berrantolaketa. Izan ere, kanal autonomiko bat utzi du libre: hori da ETB1k hartu duena. ETB2 eta ETB3, berriz, tokiko telebisten kanalak hartu dituzte.
Apirilean moztu zuten ETBren seinalea Nafarroan, erregionalisten gobernuaren trikimailu bat medio. Uztailean sinatutako akordioari esker ikus daitezke kateak orain.
Lau urtetarako balio du hitzarmenak. Aurrera begira, bi bide har ditzake Nafarroak: bat, bigarren multiplex bat ezartzea; bi, multiplex digitalean sei kate sartzea.