Atzo gertatu zen ezbeharra. Lurrak eta harriek azpian harrapatu zituzten 15 nafar eta 4 xerpa. Nafarroako Gobernuak baieztatu du hildakoetako bat nafarra dela: Adolfo Ripa Arizala iruindarra. Iturri honen arabera, bi dira hildako xerpak. Hango hedabideen arabera, aldiz, hiru lirateke. Izenak ere zabaldu dituzte: Tsering Sherpa, Dorje Lama eta Ranjana Basnet.
Zortzi mendizalek Katmanduko ospitalean jarraitzen dute. Batek bi hankak ditu hautsiak, beste batek beso bat eta gainerakoak kolpeak gorputz osoan. Denak arriskutik kanpo daudela jakinarazi dute. Zazpi emakumezko eta zazpi gizonezko ari ziren trekkinga egiten, Naturtrek agentziako Pitxi Egillor arduradunarekin. Urriaren 7an ziren itzultzekoak Iruñera.
Mendizaleen artean Euskalerria Irratiko Amaia Lasa gure lankidea eta etxe honetako langile ohi eta ohiko kolaboratzaile Edurne Arrizibita daude. Nafarroako Gobernutik jakitera eman digutenaren arabera, biak onik daude.
Nafarroako Gobernua elkarlanean ari da Kanpo Aferetarako Ministerioarekin, Espainiak New Delhin duen enbaxadarekin eta bidaia antolatu duen enpresarekin. Telefono zenbaki bat zabaldu du Nafarroako Gobernuak istripu eta zaurituen berri zuzena emateko: 848 425 601.