1936tik jazarritako emakumeen aldeko bertso jota rap jaialdia eginen dute

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 20a, 14:11
Argazkia: Bertso jota rap jaialdiko antolatzaileak.

Larunbatean izanen da, Azkoienen, Oroimenaren Aldeko Emakumeak elkarteak antolatuta. Beraien facebook orrian ikus daiteke egitaraua osorik.

Aurora Moneok, elkarteko kideak, adierazi du "kultura borrokarako arma zibil gisa" ulertzen dutela antolatzaileek, eta hori dela medio uztartu nahi izan dituztela hiru arte adierazpideak.

Oholtza gainean eginen dutena "fusioa" izanen dela esan du Belen Ordoñez jota abeslariak.

Laura Perez, rapeatzen

Ordoñez berak eta Soraya Lopezek kantatu dituzte jotak, gaztelaniaz, bertsolariei gaiak jartzeko. Euskaraz, bertso kantari, eta bat batean, Nerea Elustondo eta Eli Pagola gipuzkoarrak ariko dira.

Hirugarren elementua rapa izanen da. Laura Perez Ahal Dugu alderdiko kidea igoko da tabladura. Hark kantatuko ditu propio ekitaldiari begira sorturiko rap abestiak. Bertaratuentzako itzulpen zerbitzua egonen da.18:30ean ekinen diote emanaldiari, Azkoienen; dena dela, egun osoan egonen da zer gozatua.

Ez da soilik jaialdi bat

Bestalde, jaialdiaren mamia azaldu du Carlos Martinez antolatzaileak. Haren hitzetan, biktimen aldeko ekitaldi ugari dauden arren, emakumeei maiz ez diete erreferentziarik egiten. Horregatik, erdigunean jartzea beharrezkotzat jo du.

Jaialdiaz gain, frankismoak jazarritako emakumeak omentzeko eskultura sortu dute auzolanean Azkoiengo herritarrek. Eskultura urriaren 8an jarriko dute, herrian bertan. Horregatik, larunbateko jaialdia laguntza ekonomikoa lortzeko baliatuko dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!