Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroak lankidetza hitzarmena berritu dute

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 20a, 07:56
Argazkia: Ollo kontseilariak eta erakundeko lehendakari Iñaki Dorronsoro. / Nafarroako Gobernua

20.000 euroko ekarpena eginen du Nafarroako Gobernuak, lau proiektu sustatzeko.

Nafarroako Gobernuak, Euskarabidearen bidez, eta Eusko Ikaskuntzak 2011. urtean etendako elkarrekiko lankidetzari helduko diote berriz 2016. urtean zenbait kultur proiektu egiteko. Xede horretarako, bi erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Nafarroako Jauregian; lankidetzarako oinarri orokorrak ezartzen dira bertan, eta bi erakundeen konpromiso-esparrua arautzen da.

Foru Gobernuaren 20.000 euroko ekarpen bat jasotzen duen dokumentua Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilari Ana Ollok eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok izenpetu dute. Zehazki, laguntza lau proiektu finantzatzeko erabiliko da:

1. Etorkizuneko foroak: "Gure etorkizuna irudikatuz: nahi dugun gizartea, izango dugun gizartea", eta haren helburua foro parte-hartzaileen bidez hausnarketa bateratu eta antolatu bat egitea da, XXI. mende erdialdeko euskal gizartea irudikatzeko. 2016. urtean Nafarroako gizarterako gai interesgarriak eztabaidatzeko foro bat antolatzea aurreikusten da (energia, industria, mugikortasuna, bizitza hirian, nekazaritza-mundua, lan-mundua, egituratze soziopolitikoa, euskal kultura, euskararen erabilera, besteak beste).

2. Trebeak! eus, eskolaz kanpoko guneek gazteen sozializazioan eta jokabidean zer eragin duten aztertzeko proiektua da, bai eta landu beharreko mekanismoak nahiz gaitasunak ere gazteak hainbat alor sozialetan euskaraz aktiboki sozializatzea ahalbidetzen dituzten trebeziak garatze aldera. Ikerketa horretarako, erakunde akademikoen laguntza izango da, eta kasu-azterketak eta esperientzia pilotuak egingo dira Nafarroako udalerri askotan.

3. Ezagutza partekatuz: "Urteko galdera": eztabaida soziala sustatzeko proiektua, eztabaida horretako emaitzak egitea eta haiek euskal komunitate osoaren zerbitzura jartzea bilera zientifikoak antolatuz; hala, espezialisten ezagutza herritarren esperientziarekin osatu ahalko da. Helburua ezagutza partekatu bat lortzea da eta bi aldeek osatutakoa. 2016an Iruñean jarduera bat abian jartzea aurreikusten da, Internet eta hezkuntza oinarritzat hartuz.

4. Ezagutza hurbilduz: Nafarroako bazkideen parte hartzea sustatzeko asmoz eta udalekin harremana indartzeko asmoz Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmen bat eginez, 2011n "Ezagutza hurbilduz" programa abian jarri zen. Gai askori buruzko hitzaldiak eskaini ziren Nafarroako zenbait udalerritan 2011, 2012, eta 2013 urteetan, Ekimenak zer-nolako arrakasta izan zuen ikusirik, 2016an beste deialdi bat egingo da herritarrekin batera Eusko Ikaskuntzaren jarduteko lau eremuetako edukiak aztertzeko (soziokonomikoa, soziopolitikoa, soziokulturala eta linguistikoa –euskara–). Helburu horrekin, bere jardute-esparruko gune eta errealitateen arteko alderaketa bat egitea proposatzen da.

Nafarroan, 2016an, zenbait solasaldi, hitzaldi eta mahai-inguru antolatuko dira.Nafarroako Gobernuarekin batera jarduteko guneak nahiz metodologia hautatuko dira, bai eta hizlarien, espezialisten eta eragileen zerrenda ere.

Nafarroako Foru Aldundia, Eusko Ikaskuntzaren sortzaile

Nafarroako Foru Aldundia Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat izan zen 1918an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiekin batera, komunitate horietako kultur adierazpen guztiak aztertzeko eta zabaltzeko.

Harrezkero, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana etengabekoa izan da 2011ra arte; urte horretan lankidetzarako azken hitzarmena sinatu zen, eta horri esker, kultur erakundearen bultzada nahiz babesa izan duten askotariko ekimenak abian jarri ahal izan dira. Gaur sinatutako hitzarmenak Gobernuak erakunde horri ematen zizkion laguntza ekonomikoak berreskuratzen ditu; horrenbestez, Eusko Ikaskuntzak Nafarroako kultura eta gizarteari lotutako gaiak aztertzeko eta zabaltzeko lanarekin jarraitu ahalko du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!