Parlamentuak atzera bota du irakasleak "autoritate publikoa" izateko PPren proposamena

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 16a, 08:20
Argazkia: Ana Beltran PPNko kidea, Carlos Gimenorekin (PSN), parlamentuan.

PPk ez beste taldeek neurriaren kontra bozkatu dute, eta "absurdotzat" jo dute. "Autoritarismoa eta eredu tiranikoa" bultzatzea egotzi dio Ezkerrak.

"Irakaslearen autoritatea aitortzea eta irakasleei, beren eginkizun eta erantzukizunetan dihardutenean, zor zaizkien aintza eta errespetua sustatzea; horren helburua da ikastetxeetan bizikidetasun giro egokia bultzatzea eta ikasle guztien hezkuntzarako eskubidearen baliatze erabatekoa bermatzea”. Horra PPk proposatutako testuan jasotakoa; eta, hori bete asmoz, “zenbait diziplina-tresna” ezarri nahi zituen. Proposamenak ez du aurrera egin, baina; gainontzeko talde guzti-guztiek kontra bozkatu dute.

Gogor egin dute, gainera, PPren aurka. Ahal Duguk leporatu dio "irakasleen autoritatea indartzea ondorioei soilik erreparatuta, indarkeriaren erroetara jo gabe".

"Irakasleak sozializatzea, elkarbizitzan heztea eta balioak irakastea da hezitzaileen helburua. Eta irakasleen duintasuna, autoritatea eta errespetua sustatu nahi badituzue, ez aplikatu murrizketarik. Irakasleek inbertsio handiagoa eta baliabide gehiago behar dituzte, eta propaganda gutxiago", esan du Maria de Simon Ezkerrako kideak, proposamenarekin kritiko.

EH Bilduk "eredu negargarria" sustatzea litzatekeela ziurtatu du, eta Geroa Baik "bide errepresibotzat" hartu du.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!