Espeleologoek aurkituriko hezurdura 36ko gerran desagertutako pertsona batena dela uste dute Arantzadi Zientzia Elkarteko adituek. Izaurgi leizea Zilbeti eta Erroibarren arteko mugan dago. Berrogeita hamar metroko sakonerako putzua du. Hara botatako ehunka animalia hezurren artean, giza hezurrak aurkitu zituzten espeleologoek.
Giza hezurdura ongi kontserbaturik dago, baina orain arte ez dute aurkitu ez kaskezurra ezta matrailezurra ere. Abuztuaren seian, Paco Etxeberria buru zutela, hezurrok aztertu zituzten Aranzadi ZIentzia Elkarteko kideek, eta ondorioztatu zuten giza hezur guztiak pertsona berarenak zirela. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak halakoetarako ezarririko protokoloa jarri zuten martxan.