Orkoiengo zurgindegi batean sute larria izan zen atzo

Euskalerria Irratia 2016ko uzt. 28a, 11:20
Arg: Atzoko sutearen irudia. / @labfaurecia

Metalezko ateak eta leihoak egiten dituen Oneca enpresak su hartu zuen, langile bat barruan zela. Haren oihuak entzun, eta herritarrek atera zuten lantegiko leihoetako batetik.

"Kalte larria" eragin du atzo Orkoiengo Oneca enpresan izandako suteak lantegian, suhiltzaileek adierazi dutenez. Zauriturik ez da egon, ordea. 16:55etan jaso zen ezbeharra. Behargin batek autoa aparkatu zuen, eta aldageletara joan zen gero; dutxan zela keak inguratu zuen, eta atera ezinik geratu zen. Bi herritarrek ikusi zuten, zorionez. Laguntza eskaini eta leihotik atera zuten. Kea arnastu bazuen ere, onik dago.

Ez dago oso argi zerk eragin duen sutea. Litekeena da aparkatu berri zuen autoak su hartu izana, dena dela, hipotesi bat baino ez da.

Hamabi eta hamabost lagun artea aritzen dira fabrikan lanean. Enpresako nagusia poztu egin da zauritu larririk ez delako egon, eta zurgindegia "ahalik eta lasterren" martxan jarri nahi duela agindu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!