Festa entzun, ikusi, gozatu. Irratiz, telebistaz, internetez. Edo plazan bertan. Sanferminetan, aperitifaren orduan, aukera hori eskainiko dizute hiru euskal hedabideok. Herri sanferminak plataformaren San Frantzisko plazako gunetik, egunero saio berezia eginen dute: elkarrizketak, zozketak, zuzeneko musika…
Oholtzatik hainbat artista pasako dira. Konparaziora, Udalaren Foruen plazan joko duten zenbait: Tonino Carotone, La Chula Potra edo Joseba Irazoki. Baina baita bestelako agertoki xumeagotan ariko direnak ere: Fermin Valentzia, Edmundo Lacort, alardeko txistulariak, fanfarreak...
Elkarrizketatuen artean ere, aurpegi ezagun asko izanen dira. Esate baterako, Joseba Asiron alkatea edo Osasunako kapitain Oier Sanjurjo.
Saioak irratiz FMko 98.3an zabalduko ditu Euskalerria Irratiak, telebistaz Xaloak eta streaming bidez Berria-k. San Frantzisko plazan bertan grabatuko dute, herri sanferminen gunetik, eta saioa zuzen-zuzenean gozatu nahi duten ikusleentzako aulkiak izanen dira.