Sanferminak 2016

Irazoki, Sorkun, Afu eta Euskabaret, herri sanferminetan

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 21a, 08:19
Argazkia: Herri Sanferminak plataformaren aurkezpen eguneko irudia.

Herri Sanferminak plataformak aurkeztu du sanferminetako programa: San Jose, San Frantzisko eta Errekoletak plazetan, otorduak, haurrentzako ekimenak, azokak, bertso saioak eta beste izanen dira.

Oraindik udalaren erantzunik lortu ez badute ere, herri sanferminekin aurrera segituko du Herri Sanferminak plataformak. Aurkeztu du jada plazaz plazako egitaraua.

San Jose plaza

"Autogestiorako eta parte hartze zuzenerako gunea" izanen da San Jose plaza. Oholtza
eta barra herrikoia izanen ditu, baita mahaiak, aulkiak eta sukaldean egiteko
tresneria ere. Nahi duenak bere janaria eraman eta bertan bazkaltzeko aukera
izanen du. Alde Zaharreko komertzio txikietan erosketak egiteko deia egin du plataformak, eta, gero, San Jose plazan sukaldean egiteko eta bazkaltzekoa.

Eguerdietan, bazkari herrikoien txokoa ere izanen da: gazte bazkaria, bazkari internazionalista, peñen bazkariak... Arratsaldeetan, kultur eskaintzaren hitzordua iritsiko da: dantza-kantuz herrikoia, Kiki Bordatxo, Rojo Cancionero, Boisseko dantzariak, bertso musikatuak eta abar.

Iluntzean, honako talde hauek igoko dira oholtzara: The Trikiteens, Oharkabe, Oskar Benas, Joseba Irazoki edo Ostatu ibiltaria, besteak beste.

San Frantzisko plaza

Haurrei eskainitako espazio bilakatuko da San Frantzisko, bai eta gaueko kontzertuen arnasgune ere. Kontzertuak, dantzaldiak, bakarrizketak, antzerkiak, umeentzako tailerrak, pailazoak, zirkua, aztiak... egun osoan egonen da zer gozatua bertan.

Gainera, goizean Euskalerria Irratiak bertatik emitituko du, zuzen zuzenean, sanferminei eskainitako programazio bereziarekin.

Janariei dagokienez, egunero eskainiko dute menu berezia, tartean, ogitartekoak eta pizzak, denak modu ekologikoan eginak.

Los Tajudos del Norte, Neurona t'erdi dj iruindarrak, Ebri Knight kataluniarrak, Evil Killers, El sonido de la Metralla, Potato, Iseo&Dodo sound, La Furia, The Allnighters, Estricalla, The Real McKenzies edo 13Krauss izanen dira gaueko kontzertuak.

Errekoletak plaza

Bermutaren orduan eta arratsalde eta gauetan mugimendua izanen
duen gunea da, "bertako musika eta kultura" sustatzekoa.

DJ Toni Pedrosa, DJ Aitor Etxebe, DJ Tania TNT, Bastardix, Sorkun,
Afu, Euskabaret, Elorri Folk taldea, Bourbon kings, Zezé, Smog, Arcada Social,
Lur Jota, Adriana Olmedo Play Back, Skabidean, Saskarrak eta Akhort taldeak ariko dira.

Horrez gain, mus txapelketa herrikoia eta play back lehiaketa antolatuko dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!