Osasunak oso gertu du Lehen Maila. Girona da gainditu beharreko azken oztopoa, igoera kanporaketako bigarren eta azken kanporaketan. Gaur gauean jokatuko dute joaneko partida, 20:00etan. Sadar betea izanen da sarrera guztiak ordu gutxian agortu baitziren.
Osasunako entrenatzaile Enrique Martin Monrealen arabera, "gozatu beharrekoak" dira Lehen Mailara igotzeko aukera emanen dieten azken minutu hauek. Poza eta ilusioa estadioan agerikoa izan dadila nahi du Martinek. Nahiz eta gero, irabazi, berdindu edo galdu jarraitzaileen indarra eta beroa ezinbestekoak direla nabarmendu du.
Osasunako entrenatzaileak "lasai eta ilusionatuta" ikusten ditu jokalariak. "45 minutuko lau partida falta zaizkigu. Eta gozatzera goaz. Gaurkoa egun ikaragarria izanen da". Azken partidetan horren lan ona egin duten 11 jokalarien alde eginen du berriz ere gaur.
Itzulikoa, larunbatean, Gironako Montilivi estadioan, 19:00etan.