Nafarroako Parlamentuak bide eman dio 'Navarra TV'-k luzatutako solasaldi proposamenari: bi programa grabatu nahi ditu, eta, horietako lehenengoan, abenduan aulki bat erdietsi zuten indarrak baino ez dira egonen, hau da, UPN-PP, Ahal Dugu eta PSN.
Ez die, ordea, hitz egiteko aukerarik emanen Nafarroako Parlamentuan, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren diren Geroa Bairi (30.544 boto, Espainiako Kongresurako, abenduan) eta EH Bilduri (34.856 boto, Espainiako Kongresurako, abenduan).
'Navarra TV'ren proposamenak UPNren eta Ahal Duguren babesarekin egin zuen aurrera; EH Bilduren eta Geroa Bairen kontrako botoek ez ziren proposamena bertan behera uzteko nahikoa izan.
Ahal Duguren jarrera salatu du Adolfo Araizek (EH Bildu), "kuriosoa" da, haren aburuz, euren jokaera. Izan ere, abenduan, Iglesiasen alderdiak ordezkaririk ez zuenean, 'Navarra TV'-ren solasaldian sartzeko eskaera egin zuen, hala behar zuela sinetsita.