Errigorak ekoizleak izerditan jarri ditu 160.000 ontzi kontserba lortzeko

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 9a, 19:23

Iaz baino %78 eskaera gehiago jaso ditu Errigora ekimenak kontserba loteen kanpainan. Nafarroa hegoaldeko 15 ekoizlek eta 5.000 kontsumitzailek hartu dute parte. Egun hauetan banaketa egiten ari dira. 

“Hankak dar-dar utzi dizkigu aurtengo kanpainako eskaerak eta izerditan bukatu dugu ikasturtea guztiontzako beste produktu lortzeko. Zainzurien kanpaina luzatu behar izan dugu El Escolar eta Iturrirenean. Piper nahikorik ez eta, hainbat kasutan, 9 ontzi txikiz ordezkatu behar izan ditugu 6 handi. Potxa ekologikoak ere agortu egin zaizkigu... Ez sinestekoa! Zorionak eta eskerrik asko guztioi!!! Mila esker auzolanaren, euskararen eta elikadura-burujabetzaren bidean sakontzeko aukerak sortzeagatik! Zalantzarik gabe, ikasturte eder bati amaiera biribila eman dio kontserba-loteen kanpaina honek.” Hitz hauekin egin dute azken kanpainaren balorazioa Errigora ekimeneko sustatzaileek.

Aurten bertako 80.000 litro olio eta 300.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dituzte uretan zehar eginiko kanpaina desberdinetan. Ekimenak elikadura-burujabetzari egiten dion ekarpena oso positibotzat jotzen dute bultzatzaileek: “Apurka-apurka, milaka lagun kontsumo ohiturak aldatzen ari gara eta gero eta Nafarroa hegoaldeko ekoizle gehiagok begiratzen dio bertako merkatuari.

Euskararekiko konpromisoari dagokionez, udazkeneko kanpainan 160.000€ bideratu zituen Errigorak Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, eta honetan parte hartzen duten ekoizleek euskararekiko konpromiso berriak hartu dituzte, web guneak euskaratzeko prozesuari ekinez.

Ekoizle kopurua ere igotzen joan da eten gabe: “2012an 2 ekoizlerekin hasi genuen bidera urtez urte ekoizle berriak batuta, dagoeneko 15 izatera iritsi gara. Nafarroa hegoaldearen lau ertzetako 15 ekoizle: Ablitasetik Oibarrera eta Lodosatik San Isidro del Pinarrera. Nekazari, kontserbagile, olio ekoizle zein ardogileak, jatorri eta langintza anitzak izanagatik, euskal merkatuari bertako produktuak bidezko prezioan eskaintzeko bat eginda. Lankidetzan oinarrituta, elkarren aurka lehiatu ordez. Elkar ezagutu eta elkar laguntzeko prest.” Eta era berean kontsumitzaileen kopurua ere:  “12.000 kontsumitzailek egin zioten euskarari puzka eta 5.000ek parte hartu dute  Eskutik Eskura udazkeneko kanpainan.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!