Aldaketaren erradiografiak

Barkos: "Aldaketak egin behar ditugu gobernuan"

Euskalerria Irratia 2016ko eka. 7a, 12:35

Kontseilaririk ez dute aldatuko, baina zenbait goi kargu bai, Euskalerria Irratian Nafarroako presidente Uxue Barkosek iragarri duenez.

"Gobernu krisi bat momentu honetan ez dut ikusten; aldaketak bai, baina aldaketak estruktura osoan. Horretaz ari gara. Kontseilaririk ez dugu aldatuko. Bestelako karguetan... errebisio bat egin beharko dugu, urte bat pasa ondoren". Aldaketak iragarri ditu Uxue Barkos presidenteak Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan, Nafarroako Gobernua "indartsu" sumatzen duela ziurtatzearekin bat.

"Kontseilaririk ez dugu aldatuko. Bestelako karguetan... errebisio bat egin beharko dugu, urte bat pasa ondoren"

"Iraganeko erregimenarekin lotura duten goi kargudun asko daude?", galdera egin dio Lakastak, eta aho bizarrik gabe erantzun dio lehendakariak: "Hori izan da hezkuntza sailean eta Osasunbidean kritika nagusia. Errebisatu behar, baina ez bakarrik sail horietan. Errebisio bat eginen dugu, urtebete pasa da, eta nik uste badela momentua".

TRWren egoeraz ere mintzatu dira: 123 langile kaleratzeko Enplegu Erregulazio Espedientea egin eta gero, 200 langilea kontratu ditu. "Gobernutik zer egin dezakegu? Azalpenak exijitu, eta horrela adierazi du Ayerdi lehendakariordeak. Kasu honetan, enpresa pribatu batez ari gara. Kasu honetan, argi geratu da bere garaian emandako arrazoiak ez zirela benetako arrazoiak", kritikatu du Barkosek.

"TRWn argi geratu da bere garaian emandako arrazoiak ez zirela benetako arrazoiak"

Bide eman euskarari lelopean manifestazio egin zuen Kontseiluak, iragan larunbatean. Euskara eta hizkuntza politikaren hari muturrei ere tira egin die Barkosek. "Behar beharrezkoa" zen, haren aburuz, hala, ontzat jo du "euskararekiko asmoa" kalean erakustea. Horregatik, mobilizazioa dela eta"eskertua" dago, eta bertaratutakoek "esan behar zutena positiboki" esan zutelakoan dago.

ETBren gaian ere baikor azaldu da, "gauzak aurrera doaz". Bide horretatik, "normaltasuna" galdegin du euskarari dagozkion arloetan: "Normaltasunaren eskutik, Nafarroa osora ekarri behar dugu hizkuntzaren benetako diskurtso politikoa. Hau da gure hizkuntza, hitz egin, nahiz ez hitz egin".

"Oposizio mota batek" euskara "patata beroa" den gai baten gisan landu nahi badu ere, gobernuarentzat hala ez dela jakinarazi du, halaber.

"Euskara da gure hizkuntza, hitz egin, nahiz ez hitz egin"

Aurrekontuetan 23 urteko milioi euroko blokeoa eginen du Nafarroako Gobernuak. Hautsak harrotu ditu gaiak. Analisia egin du Barkosek, eta "lasaitasuna" izan da gehien aipatuta hitza.

Zergatik egin dute? "Monumentu honetan diru sarrerak eta gastuak ez datozelako bat pasaden urtean proposatutakoarekin Aurrekontu Legean. Ongi doaz, eta momentu honetan argi geratzen da beharrezkoa zela erreforma fiskala. 23 milioi euroko blokeoa eraman dugu aurrera. Gogoratu behar pasa den urtean martxoan izan zela eta 65 milioikoa". UPNren agintaldia aitatu du, orduan ez baitzegoen "lan garbi bat", haren ustetan.

Zerga erreformaren harira, "denbora" behar duela dio, baina ongi doala. Eta erregionalisten esanak isildu nahi izan ditu: blokea da oraingoa, ez murrizketa. "Murrizketak esan beharko banu, argi eta garbi esanen nuke. UPNren porrota ez zen etorri murrizketak aurrera eraman behar izan zituelako, baizik eta zer nolako murrizketak eraman zituelako aurrera: hau da, pobrezian zegoen jendeari errenta moztu, Navarra Arena eraikitzen zuen bitartean".

"23 milioi euroko blokeoa eraman dugu aurrera. Gogoratu behar pasa den urtean martxoan izan zela eta 65 milioikoa"

Urtebete pasa da gobernua osatu zutenetik. Hori dela kausa, atzera begira jarri da, eta balorazioa egin du. "Kontseilari guztiak daude indartsu, jakin badakigu zeintzuek jasan izan dituzten erasorik gogorrenak: hezkuntza arloan, besteak beste; gogoratu Beaumontek jasan zituenak legealdiaren hasieran; ikus dezagun ere Fernando Dominguezen kontra eta bere taldearen kontra... Baina hortik aurrera, ongi".

"Kontseilari guztiak daude indartsu, jakin badakigu zeintzuek jasan izan dituzten erasorik gogorrenak"

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!