NUPek bertan garatuko diren kultura proiektuak hautatzeko deialdia zabaldu du

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 30a, 14:07
Argazkia: Unibertsitate antzezlan baten eszena bat. / unavarra.es

Ekainaren 20 arte aurkezten ahal dira; unibertsitateko kide guztiek hartzen ahal dute parte.

Haren webgunean azaldu du Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak deialdi bat ireki du unibertsitate komunitateak bultzatzen dituen kultura proiektuak aukeratzeko, Unibertsitatearen kultura programazioan 2016ko azken hiruhilekoan sartuko direnak. Proiektuak ekainaren 20ra arte aurkezten ahal dira Unibertsitateko Erregistro Orokorretan, Iruñean eta Tuteran. Proiektuek sormena, aniztasuna edo elkartasuna bezalako balioak sustatuko dituzte eta gizartearen parte-hartzea unibertsitate komunitatearen kultura jardunean  bultzatuko dute. Deialdi honen oinarriak NUPen web-orrialdean daude.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasketa ofizial eta ez ofizialetan matrikulatuta dauden ikasleek, baita irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek ere, eta proiektuak nork bere izenean edo talde baten barruan aurkezten ahal dira.

Ebaluazio batzordeak gauza hauek hartuko ditu aintzat, beste batzuen artean: proiektu berritzailea den, dirua irabazteko asmorik gabea, Unibertsitate osorako interesgarria, unibertsitate komunitateko kide guztiei irekia, edo eta Unibertsitate barruko edo kanpoko beste erakunde edo talde batzuekin egitekoa den. Ikasleek aurkezten dituzten hiru proiektu onenak saritzen ahal dira: lehen saria 700 eurokoa da, bigarrena 400 eurokoa eta hirugarrena 200 eurokoa.

Proiektuen aukeraketaren ebazpena eta ikasleen sariak Unibertsitatearen web-orrialdean argitaratuko dira irailaren 15a baino lehen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!