Nola eragin du aldaketak euskara arloan?

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 30a, 12:26

Euskarabideako Mikel Arregi, Behatokiko Garbiñe Petriati, IKAko Sagrario Aleman eta Topaguneko Oskar Zapata aritu dira Metropoli Foraleko tertulian.

Nola eragin dio aldaketak euskararen egoerari? Galdera horri erantzun diote euskalgintzako kideek. Juan Kruz Lakastaren gidaritzapean.

Mikel Arregi-Euskarabidea

"Ildo horretatik, diskurtso erraza dute hor, eta herritar askorengana iristeko aukera. Guri dagokigu buelta".

Garbiñe Petriati-Behatokia

"Lehia politikorako tresna gisa hartu dute euskara. Arma gisa aukeratu dute euskara, errentagarritasun politikoaren mesedetan".

Oskar Zapata-Topagunea

"Ongi egituratu dute diskurtsoa horren gainean. Aukera izan dute gobernua zirikatzeko. Entzuten ari garen diskurtsoak, baita Ezkerraren partetik ere, barregarriak dira".

Sagrario Aleman-IKA

 "Beti gutxietsiak eta baztertuak izan gara. Beti ere zokoan utzi gaituzte, aurreko legealdian eta legealdi honetan ere".

Urtebeteko agintaldiaren inguruko irakurketa ere egin dute lau gonbidatuek.

Mikel Arregi-Euskarabidea

"Askotan gertatzen zaigu euskaldunoi ez zaigula gure ikuspegia adierazteko aukera ematen. Euskaldunok eta euskararen aldeko sustapena egiten dugunok erakusten dugu gure praktikan gauzak ez direla horrela; proposamen integratzaileak egiten ditugu, baina zoritxarrez, medioen zalaparta horrek estali egiten du. Erabaki sendoak hartu dira, eta gobernuak eutsi dio".

Garbiñe Petriati-Behatokia

"Urteetan egon gara oso egoera makurrean, oso bazterturik, oso bigarren mailako herritar gisa trataturik. Ez da erraza izango urteetako politika bidegabeei buelta ematea: nahikoa ez da urte bat. Baina urtebetean uste dut beste kontundentzia batekin urratsak erakustea bazegoela".

"Hizkuntza Eskubideen Behatokian biziki kezkatzen gaituen gai bat da Euskararen Legea. Nola gobernua osatzen duten lau indarren artean zalantzazko neurrien artean sartu den herritar guztiak berdinduko dituen legea sartzea. Aurrerakoiak uste diren alderdiek nola jarri dezakete zalantzan egoera gutxituan bizi izan diren herritarren eskubideak? Orube hori ezean, iruditzen zait zaila izango dela herritar guztien eskubideak bermatuko dituzten politikak garatzea"

Oskar Zapata-Topagunea

"Espero genuen gehiago, behar genuelako. Diote: 'Nafarroarentzat txarra da euskararen garapenari lotutako guztia'. Oso kuriosoa da, zeren eta nafarrontzako euskararen garapenak aberastasuna baino ez du ekarriko. Hor sartu dira ez soilik oposizioa, hor sartu da Ezkerra. Zertan da txarra euskararen garapena? Nola izanen da txarra Tafallako saltzaile batentzako euskara jakitea?"

Sagrario Aleman-IKA

"Berari dagokiona baino askoz indar gehiago eginda [Ezkerrrak] beste hiru alderdiei egin zien Euskararen Legea ez kentzea. Berdintasunari eta askatasunari atake gogorra egin zitzaion. Gizartearen parte handi bati inolako hizkuntz eskubiderik onartzen ez diotelako. Nahiz eta jakin urtebete gutxi dela, eta zegoen egoera exkaxa zela, nik gehiago espero nuen, eta, batez ere espero nuen ez kikiltzea. [Gobernua] Ikusten dut beldurturik".

Nola eman ahal zaio buelta euskararen egoerari?

Mikel Arregi-Euskarabidea

"Programan desadostasuna izan zen Euskararen Legea aldatzearena, baina denek onartu zuten horrela izango zela, eta gobernuari dagokio lan egitea horretan. Abiatu behar gara abiapuntu horretatik herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera".

Oskar Zapata-Topagunea

"Konpartitzeko espazioak behar ditugu; urte osoan eskaerak eginda ere, ez dugu aukerarik izan Ezkerrako parlamentariekin biltzeko. Batzuek proposatzen dute minbizi bati [euskarari] kamamila ematea. Euskararentzako neurri eraginkorrak behar dira".

Garbiñe Petriati-Behatokia

"Bazterturik egon den jendarte multzo horren aldeko neurriak hartzea, justizia egitea da. Hau ez da inoren kontra, hala zabaltzen baldin bada ere. Guztiok berdin tratatuak izan behar dugu. Demokraziaren eta justiziaren aldeko zerbait da, ez da inoren kontra. Urteetan baztertuta egon diren herritarren aldeko neurriak hartu behar dira; justiziaz ari gara, berdintasunaz".

Sagrario Aleman-IKA

"Hemen neurriak har daitezke, neurri praktikoak eta diskurtsiboak eta ez bat ez beste ez da hartu".

Bestelako gaiak izan ere ian dituzte hizpide. Bideoan ikus daiteke solasaldia, oso-osorik.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!