Aroztegiaren proiektuarekin aurrera segituko du Geroa Baik; Bildu galdeketaren alde azaldu da

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 24a, 10:34
Argazkia: Aroztegiaren inguruko galdeketaren aldeko manifestazioa egin zuten Baztantego herritarrek, orain aste batzuk.

Ekainaren 5erako Aroztegiaren inguruko galdeketa eginen dute Baztanen, udalak deituta.

"Bilduk nahi duena egin dezake", nolanahi ere Aroztegiaren gaia "itxita" dago Geroa Bairentzat. "Itxita", alegia, aldaketa aukerarik gabe. Hori da Koldo Martinez (Geroa Bai) parlamentariak azaldu duena. "Garapenaren gurpilean" ez du "makilarik" sartu nahi.

Bilduk parlamentuan egindako galderei erantzunez egin ditu hitzok, izan ere, babesa azaldu dio Adolfo Araizek (Bildu) Baztango Udalak antolatutako galdeketari, ekainaren 5ean herritarrei Aroztegiaren inguruko iritzia eskatuko die eta.

Geroa Baiko ordezkariak esandakoaren arabera, aldiz, horrek ez ditu gauzak aldatuko. Bestela pentsatzen du Araizek. "Parte hartze handia baldin badago, atentzio eman behar dio Geroa Bairi". Herritarrei galdetzea "ariketa demokratikoa" dela defendatu du.

Ingurugiro eta Landa Garapeneko Departamentuak egindako txostena esku artean joan da Bildu galderak egitera. Idazki hori oinarri, exekutiboari galdetu dio ea hark uste duen "enpresa bultzatzaileak aurkeztutako dokumentazioak ez duela azterketa ekonomiko sakonik, Departamentuaren txostenak dioen bezala", bai eta "bizitegi erabilpenak gutxitzea egokia iruditzen zaion, turismoa proiektua garatzeko oinarria dela kontuan izanda".

Geroa Baiko Martinezek esan du ez duela "inor" legearen kontra joatera "derrigortuko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!