Euskaltzaindiak sei nafar euskaltzain urgazle berri izendatu ditu

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 3a, 20:04
Patxi Petrirena, Maite Lakar, Castillo Suarez, Xabier Erize, Rosa Ramos eta Amaia Apalauza. Arg: erran.eus

Joan den ostiralean Iruñean egindako Osoko bilkuran Patxi Petrirena, Maite Lakar, Castillo Suarez, Xabier Erize, Rosa Ramos eta Amaia Apaulaza izendatu zituzten Euskaltzain Urgazle. 

Alor desberdinetan nabarmendu diren lau emakume eta bi gizonezko nafar izan ziren izendatuak, Akademiak joan den ostiralean Iruñeko Udaletxean egin zuen Osoko bilkuran. Joseba Asiron alkateak harrera egin zien Akademiako kideei.

 

Euskaltzain urgazle berriak

Amaia Apalauza Ollo. Iruñean jaioa, 1979an. Euskal Filologian doktorea. Nafarroako hizkerez eta ahozko tradizioez hainbat azterlanen egilea. Dialektologian aditua. Itzultzailea eta EIZIEko zuzendaritzako kidea. Nafarroako Unibertsitateko Euskara Katedrako irakasle laguntzailea.

Xabier Erize Etxegarai. Iruñean jaioa, 1955ean. Euskal Filologian doktorea. Soziolinguistikan hainbat ikerlan egin eta argitaratu ditu. EHUko HIZNET Hizkuntza-Plangintza espezializazio graduondoko irakaslea da. Nafarroako Kutxan bi Hizkuntza Garapen arloaren sortzaile eta zuzendaria izan da. Sustapen batzordeko aholkularia da. Soziolinguista.

Maite Lakar Iraizoz. Elizondon jaioa, 1978an. Euskal Filologian lizentziaduna. Baztan, Malerreka eta Bortzirietako ahozko tradizioaren eta beste hainbat azterlanen egilea. Irakasle funtzionarioa Bigarren Hezkuntzan. Hizkerei buruzko hainbat azterlan.

Patxi Petrirena Altzuguren. Sunbillan jaioa, 1963an. Psikologia ikasketak EHUn. Euskara itzultzaile eta zuzentzaile lanetan hainbat argitalpenen egilea. Euskaldunon Egunkariaren eta EIMAren estilo liburuetako egile, elkarlanean. 2008az geroztik, Elhuyar Fundazioan ari da. Itzultzaile-zuzentzailea.

Rosa Ramos Alfaro. Iruñean jaioa, 1966an. Euskal Filologian lizentziaduna. Soziolinguistika arloan aditua eta hainbat lanen egilea. Euskara teknikaria da Berriozarren 1999. urtetik hona. Aurretik, Nafarroako beste udalerri batzuetan ibili zen lanbide horretan: Leitza-Larraun-Ultzama aldean (Imozko Udalak kontrataturik) eta Garesen. Soziolinguistikan aditua.

Castillo Suarez Garcia. Altsasun jaioa, 1976an. Euskal Filologian lizentziaduna. Idazlea da, poeta. Arlo horretan zenbait sari jasotzeaz gain, hainbat liburu eta idazlan ere argitaratu ditu. Zenbait poema-sorta argitaratu ditu: Mugarri estaliak (2000), Spam poemak (2004), Bala hutsak (2006) eta Souvenir (2008) liburuak, besteak beste. Haur literatura ere lantzen du. Lanbidez euskara teknikaria da, azkeneko 10 urteetan Sakanako Mankomunitatean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!