Eduardo Santos: "Beste alderdiek ez dute azaldu zergatik abenduan ez eta orain bai”

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 3a, 11:33

Podemos Ahal Duguko diputatu nafarra ezkor azaldu da Metropoli Forala saioan aldaketaren aldeko lau indarren arteko koalizioari begira: "Blokea pentsatu da, ez ordea programa". Bera hautagai izanen den ere zalantzan jari du: "Ikusi behar dut proiektu honen barruan non kokatzen naizen".

“Ez da zerrendako postuez hitz egiteko unea”

“Pentsatu dugu blokea baina ez programa. Ez dut behar bezain heldu ikusten. Ez da garaia zerrendako postuez hitz egiteko. Lehengo biak Ahal Dugukoak? Ongi, baina zein programarekin? Nola azalduko diegu boto emaileei denok batera joanen garela?”

“Beste alderdiek ez dute azaldu zergatik abenduan ez eta orain bai”

“Abenduko hauteskundeetako formula zentzuzkoa zen: Kongresura bakoitza bere aldetik; eta Senatura, lurralde ganbera dela aintzat hartuz, denok batera. Beste alderdiek orain beste modu batean ikusten badute, azaldu beharko dute zergatik. Nik momentuz ez dut entzun zergatik. Batera joan behar dugula esaten dute, baina zergatia ongi azaldu gabe”.

“Bi eta bi batzuetan ez dira lau”

“Hausnarketa horrek galderak eragiten dizkit. Zer programa? Nola osatuko dugu talde parlamentario bat? Zein motatako konfluentzia izan daiteke? Nola barneratuko gara Podemosekoak garenak talde parlamentario batean eta besteok agian beste batean? Gainera hori kalkulu bat da. Politikan bi gehi bi batzuetan ez dira lau. Senaturako Aldaketa hautagaitzarekin gertatu zena gertatu zen”.

“Nafarroakoa ez litzateke ezkertiarren arteko konfluentzia”

“Compromis, En Comu, Mareak ezkerreko indarrak dira. Hemen ez. Hemen badago kontu identitario bat. Zein programa dugu komunean Podemosek eta EAJk? Ez dut ezetz esaten baina gauza hauek mahai gainean jarri behar dira. Gure akordio programatikoak, Nafarroakoak, ez du balio Espainiarako”.

“Arazoa ez da EH Bildurekin bat egitearen beldurra”

Motxila hori prest gaude eramateko, motxila eta bi zaku. Aldaketarekin frogatu egin genuen eta ez dugu batere arazorik izan. Gure diskurtsoa argi dago. Onartzen dugu onartu behar dela. Estatuan pedagogia egin dugula Bildurekin. Indar demokratikoa da. Ez da baztertu behar. Hori ez zaigu batere gustatzen. Adostu behar bada, adostuko dugu, baita Estatuan ere. Ez dago batere arazorik. Pablo Iglesiasek Otegiren aipamenarekin argi eta garbi adierazi zuen zein nolako jarrera daukagun, eta zein nolako jarrera ohiko, betiko diskurtsoa apurtzeko.

“Madrilen hemen erabakitzen duguna errespetatuko dute”

“Mihi gaiztoek Podemos Ferrazekin alderatu nahi dute. Eta gure funtzionamendua bestelakoa da. Gure araudiak dio azken hitza Estatuko herritarren batzordeak duela. Baina gure hitzak pisu handia du. Nik uste dut errespetatu behar dela militanteen hitza. Gaur arratsaldean eztabaida askona izanen da, eta jendeak erabakiko du, baietz ala ezetz, eta ziur naiz hemen erabakitzen duguna errespetatuko dutela”.

“Nafarroan aldaketa sostengatzen segituko dugu”

Nafarroan aldaketa finkatu da, lau hanka ditu eta aurrera doa. Iglesiasek argi esan zuen hemen: akordio horretan gaude, gobernua sostengatzen dugu, eta leialak izanen gara. Horrek esan nahi du konfluentzian joan behar dugula automatikoki Madrlera begira? Nik ez dut ikusten. Zergatik ezin dute herritarrek aukeratu aukera ezberdinen artean? Izan ere, ezberdinak gara. Zein da arrazoia herritarrei esateko ‘laurak bat’, ñabardurarik gabe?”.

“Berriro aurkeztuko naizen aztertzen ari naiz”

“Behin eta berriz esan dut ezusteko handia izan zela niretzat diputatu ateratzea. Gutxi lo egin nuen gau hartan. Hausnarketa egin behar dut, pertsonalki. Oraindik ezin dut esan aurkeztuko naizela. Bakoitzaren biografian ikusi behar da zein koste duen Madrilera joateak. Ez dut arazo ideologikorik. Aztertu behar dut proiektu honen barruan non kokatzen naizen, eta zein ekarpen egin dezakedan. Hori ez da modu indibidual batez hartzen den erabakia. Esaten badidate Madrilen oso beharrezkoa naizela, adostuko dugu nolabait, baina hausnarketa hori eginen dut, kontatuko dizuet zer erabakitzen dudan. Prozesuan harrapatu nauzue”.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!