Prekarietatearen aurka eta soldata duinen alde, manifestazioak

Euskalerria Irratia 2016ko mai. 2a, 07:46

> UGT eta CCOOk "Soldaten eta pobrezia sozialaren aurka. Lana eta eskubideak" goiburuarekin egin dute protesta.
> ELA sindikatuak "Gehiago balio dugu" idatzirik zuen pankarta eraman du mobilizazioetan.
> LAB sindikatuaren leloa "Euskal Herria prekarietatearen aurka. Eskubideak aktibatu" izan da.
> ESK, CGT, CNT, Steilas eta Solidarik "Gure eskubide eta askatasunen alde" egin dute protesta.

Milaka lagun atera ziren atzo kalera kalitatezko enplegua aldarrikatzeko. Iruñean, lau izan dira manifestazioak.

UGT eta CCOO sindikatuek elkarrekin egin dute protesta. "Soldaten pobreziaren eta txirotze sozialaren aurka. Lana eta eskubideak" goiburua zuen pankartarekin atera dira kalera. Lan erreformak abian segitzea kritikatu du Javier Lekunberri UGTko idazkari nagusiak. Comisiones Obrerasek gaineratu du politika neoliberalen emaitzen ondorio lazgarriak utzi dituztela Raul Villarren esanetan.

LABek Gazteluko plazan amaitu du bere ibilbidea. "Euskal Herria prekarietatearen aurka. Eskubideak aktibatu" izan dira pankartako hitz larriak eta Igor Arroyo idazkari nagusiak nabarmendu du sistema publikoaren alde egin behar dela lan, praktika sindikala indartzera jo behar dela "independentismotik, sozialismotik eta feminismotik".

ELAk bere aldetik Udaletxeko plaza aukeratu du manifestazioaren amaierarako toki. Prekarietatearen aurka eta hitzarmenen estatalizazioaren kontra egin dute protesta. "Gehiago balio dugu" goiburuarekin Mitxel Lakuntza sindikatuko koordinatzaile nagusiak nabarmendu du hain zuzen prekarietatea dela gizarteak duen arazorik larrienetakoa.

ESK, CGT, CNT, Steilas eta Solidarik bat egin dute lantokietako eta gizarteko prekarietatea salatzeko. Norbanakoen borrokaren gainetik, borroka kolektiboak indar hartu behar duela uste dute. Lana banatzeko eta aberastasuna banatzeko beharra dagoela nabarmendu dute antolatzaileek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!