Azkenean batera aurkeztuko al dira Espainiara Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra?

Euskalerria Irratia 2016ko api. 26a, 13:53
Argazkia: Lauko gobernuko kideak, artxiboko argazki batean.

> Zerrenda bateratuaren alde azaldu dira bi alderdi abertzaleak, eta Ahal Duguren erabakiaren zain daude. Ezkerrak argi utzi du Senatura baino ez dela joanen gainontzeko taldeekin.
> Alderdiko ordezkarien eta adituen iritzi bilketa egin dugu, egoeraren analisia osatzeko.

Sorpresa handiren bat gertatu ezean, Espainiako hauteskundeak errepikatzea da litekeena. Data jarrita dago jada: ekainaren 26. Mahaiaren gainean askotarikoak dira zerrenda bateratuen aukerak, baina Nafarroako alderdi abertzaleek bat dute begikoen, hain justu, lauko gobernuko alderdi guztiak batera aurkeztea, bai Senatura, bai eta Kongresura ere. Ezkerrak, baina, uko egin dio aukera horri eta Ahal Duguk oinarriekin kontsultatu behar duela iragarri du.

"Zabalik" daude Geroa Baiko kideak lauko akordiorako, Koldo Martinez eledunak esan duenez. Are eszenario anitzagoa zirriborratu du: "Aukeretako bat da laurak batera joatea, beste bat Bildu eta Geroa Bai joatea... aukera guztiak aztertzeko prest gaude".

Adolfo Araizek (EH Bildu) diskurtso baikorra harilkatu du, eta lauko gobernua joatea "positiboa" litzatekeela esan du. Nolanahi ere, jakin badaki badela gakoa izan daitekeen indar bat: Ahal Dugu. Horren aurrean, Iglesiasen alderdiaren apustua Nafarroan lauko taldearekin joatea ote den "zalantza handiak" dauzka.

Geroa Bai eta Bildu batera aurkeztea da beste formuletako bat. Araizen irudiko, "eszenario politiko interesgarria" litzateke hori. Baina egoera "berritzaile" horrentzat ez du jarrera argirik azaldu, "ez kontrakoa ez aldekoa".

Ahal Dugun, erabakitzeke

Ahal Duguko Laura Perezek iragan abenduko hauteskundeak izan ditu gogoan, eta orduan militanteak "argiki" bakarrik joateren alde azaldu zirela esan du. Dena dela, ez du aterik ixten, eta hurrengoetarako "militantziak izanen du azken hitza".

Euskalerria Irratiko parlamentarien solasaldian bide beretik mintzatu zen Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea. Nafarroako Ahal Duguk ez du "barne eztabaidarik" izan oraindik gaiaren inguruan. Erabaki beharrekoa, nolanahi ere, Madrildik ez dela etorriko ziurtatu zuen parlamentuko presidenteak irratian. "Zorionez hau ez da PSN. Hemen Nafarroak erabakitzen du Nafarroan gertatzen dena. Nafarroak erabakitzen badu jo behar dugula hautagaitza bateratura, joko dugu".

Zail dakusate adituek

Martxelo Diaz Garako kazetaria eta Berria egunkariko Joxerra Senar izan dira gaur Euskalerria Irratian, eta bien irudiko "zaila" da lauko gobernuko indarrak batera aurkeztea. Diazek Ahal Duguk eta Geroa Baik gizarte arloetan izandako desadostasunak hartu ditu hizpide, bien arteko aldeak erakusteko.

Senarrek laurak batera joanez gero, batzuek "fronte abertzale bat" ikus lezaketelakoan dago, eta, beraz, indar ez abertzaleentzako ez litzateke "komenigarria" izanen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!