Ekainaren 18an lekualdatuko dute Iruñeko gaztetxea Caparrosoko txaletera

Euskalerria Irratia 2016ko api. 25a, 12:57

Argazkia: Iruñeko gaztetxearen kanpoaldea, artxiboko irudi batean.

Konpainia kaleko eraikina utzi eta Labrit inguruko etxera joanen dira gazteak, Iruñeko Udalarekin hitzarmena lotu ostean.

Aspaldi jakinarazi zuten gaztetxea lekualdatu zela, baina negoziazio prozesuan eman dute denbora, Iruñeko gaztetxearen Facebook orrian azaldu dutenez.

"Prozesu honek gure hasierako irakurketa berretsi besterik ez du egiten, hots, instituzioek eta herri mugimenduek erritmo ezberdinak dituztela eta batzuk ezin direla besteengandik gailendu. Oztopo legal horiek gaindikatzeko herri mugimenduaren aldeko borondatea azaltzen ez den bitartean, batak bestea mugatzen duelarik. Guztiagatik, beste behin ere, benetako aldaketa, halabeharrez, kaletik, herri boteretik, jaioko dela aldarrikatzera gatoz; eta berau, ahalduntze kolektiboa oinarrian duen prozesu baten bidetik soilik etorriko dela. Era berean, orain arte izandako lorpenak, kaletik datorren ahalduntze horri esker erdietsi ditugula argi dugu, okupazioari esker", esan dute.

Baikor aztertu dute orain arte egindakoa, "eraldaketa sozialerantz urrats txiki, baina beharrezkoak eman nahian, sakoneko proiektu bat" landu dutelakoan daude. "Egun, auzoa, autogestioa eta autoantolakuntza herritarra oinarrian dituzten borroka ezberdinen partaide gara, besteak beste, patriarkatuaren aurkako borroka, elikadura subiranotasuna, soldatapeko lanari kritika, etxebizitza eta gazte emantzipazioa, kultura askea eta herritarra, errepresioaren salaketa eta euskara bultzatzea", adierazi du Gaztetxeko Asanbladak, idazki baten bidez.

Ekainak 18, egun handia

Ekainaren 18rako "ekintza eta jarduera ezberdinez osaturiko egun osoko egitarau oparoa" iragarri dute, bai eta "kontzertu itzelak" ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!