ETBren emisioa eteteko eskatu du Espainiak, 2015ean egindako salaketari jarraiki. Nafarroako Gobernuak neurria bertan behera uzteko eskatu dio Espainiako Telekomunikazio Ministerioari, eta UPNk jarritako salaketa kenduko du.
Gainera, "badaezpadako neurriak kentzeko" galdegin du, "batez ere emisioen berehalako etetea, izan ere, herritarrak informatzeko eskubidearekin talka egiten du", Ana Ollo Nafarroako bozeramailearen irudiko.
UPN, gordeka
Gordeka ibili dira erregionalistak salaketarekin. Ez zioten esan Nafarroako Gobernuari bazegoenik ere. "Botere aldaketa egin genuenean, ez ziguten deus esan", salatu du Ollok. Juan Luis Sanchez de Muniain erregionalista izan zen salaketa aurkeztu zuena, eta parlamentuko saio batean Ollori ETBren gaia atera bazioen ere, "ez zuen salaketaren inguruko hitz erdirik esan".
Espedientean hedabideren alde azaltzeaz gain, aurrerantzean lanean jarraituko du Nafarroako Gobernuak, Ana Ollo bozeramaileak jakinarazi duenez, "ETB ere legalean ikustea ahalbidetzeko, parlamentuak agindu bezala". 2013ko mozio batean eskatu zuen legebiltzarrak ETB Nafarroan ikus zedin.