Igandean izanen da Nafarroaren Eguna Baigorrin. "Euskal herritar guztien jaia" izan nahi du urtero bezala. Separatismorik ez! Nafarroa bat, eta bakarra leloa izanen du eta larunbatean emanen diote hasiera festari kontzertu batekin. Manex Pagola konpositoreari omenaldia eginen diote.
"Gero eta ezagunagoa da jaia", nabarmendu dute antolatzaileek. Baigorriko Kulturaldia aurkeztu dute Amaia Castorenek, Basaizea elkarteko kideak, Antton Kurutxarri Etxauziako kidea, Sustrai Colina, Laura Mintegi, Javier Yaben, Josemari Esparza eta Zuhaitz Gurrutxagak.
Euskaldunen artean erlazioak sendotzea eta Nafarroa bakarrean sentitzeko desioa helaraztea izanen da jaiaren xedeetako bat antolatzaileen esanetan.
Egitarau zabala
Larunbatean kontzertua izanen da Baigorrin Manex Pagolari omenaldia egiteko. 21:00etan izanen da herriko elizan. Izaiteko Libre, Manex Pagolaren Oihartzunak izena izanen du omenaldiak eta Juantxo Zeberio, Jagoba Astiazaran eta musika talde hainbatek hartuko dute parte: Aire Ahizpak, Amaia Riouspeyrous, Xendarineko Ahizpak, Erramun Martikorena, Asteazkenekoak eta Hertz Orkestrak.
Nafarroaren Egunean, hilaren 24an, txalapartariak, bertsolariak eta artisau azoka izanen dira goiz partean. Erraldoiak, dantzariak eta musikaria eguerditik aurrera izanen dira herrian. 14:30ean izanen da bazkari herrikoia.