'Erabili eta bota' kulturatik, hondakinak erabilgarri bilakatzera

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 8a, 13:54

Isabel Elizalde Landa Garapenerako kontseilaria eta Eva Garcia ingurumeneko zuzendaria.

Hondakinak Kudeatzeko planaren prozesua abian jarri du Gobernuak. "Erabili eta bota" kulturatik, "hondakinak baliabidetzat hartu eta bigarren aukerak" emateko planteamendua da egin nahi dutena.

Nafarroako Hondakinak Kudeatzeko plan integratua prestatzeko prozesua abian jarri du Gobernuak. Aurten hasi eta 2025a arte martxan izanen da. "Urteotan horrenbeste zabaldu den erabili eta bota kulturatik, hondakinak baliabidetzat hartu eta bigarren aukerak ematera pasa behar gara", aaldu du Landa Garapenerako kontseilari Isabel Elizaldek. Ahalik eta zabor gutxiena sortzea izan behar da etorkizuneko xedea, eta horretarako prebentzioa da beharrezkoa.

Xedeak ere markatuak ditu Gobernuak. 2025erako %10 jaitsi behar da gizakiok sortzen ditugun hondakinen kopurua; bio-hondakinak deitutakoen %75eko birziklatzea egitea; tratatu gabeko 0 hondakin egotea eta ontzien %90 birziklatzea.

"Eliminazioa" ekidin behar dela nabarmendu du kontseilariak eta plan honetan ez dute erraustegien erabilera aurreikusi. Bestelakoa baita guztiz bidea: prebenitzea, berrerabiltzea eta birziklatzea. 

Goitik behera aldatu kudeaketa plana

Hondakinen kudeaketan erabateko aldaketa ezinbestekoa da Europak markatzen dituen helburuak betetzeko. Izan ere, Nafarroan pertsona eta urteko 410 tona hondakin sortzen ditugu eta hori murriztea lortu behar dela nabarmendu du Elizaldek.

Ekainean lehen borradorea izan nahi dute prest Gobernuari eta Parlamentuari aurkezteko. Ordura arte, mankomunitateekin, gizarte eragileekin eta herritarrekin eginen dute lan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!