Adostu dute: euskarazko bi haur eskola gehiago egonen dira

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 22a, 13:45

>Iragarritako aldaketa onartu du Eskola Batzordeak gaur goizeko bileran.

> Printzearen Harresi (Arrosadian) eta Donibane (izen bereko auzoan) haur eskolak gazteleraz aritzetik euskaraz jardutera igaroko dira.

Bikoiztu eginen du udalak euskarazko haur eskolen kopurua. Orain arte bi ziren. Aurrerantzean lau izanen dira. Ezberdintasunaren isla dira, nolanahi ere, oraindik ere zenbakiak: hamar haur eskola, gazteleraz; lau, euskaraz; eta ingelesa duten hiru.

Aldaketaren ostean, haur eskoletan 954 plaza eskainiko dituzte gazteleraz eta 378 euskaraz. Hartara, euskarazko plazen eskaintza %10ekoa izatetik, gutxi gora behera, %30ekoa izatera igaroko da.

Hori horrela, euskarazko 26 hezitzaile plaza berri sortuko dituzte. Eta egun Donibaneko eta Arrosadiako haur eskoletan gazteleraz diharduen eta euskarazko aski ezagutzarik ez duten langileak birkolokatu eginen dituzte. Udalaren arabera, helburua haur eskola sarea “Iruñeko eremu bakoitzean dagoen hizkuntza eredu eskaera errealera egokitzea”.

Aldaketaren aldeko lau indarrek (Geroa Bai, EH Bildu, Aranzadi eta IE) adostu dute neurria.

Aspaldiko borroka

Iruñeko gurasoek aspaldidanik eskatzen zuten haur eskola gehiago zabaltzeko euskaraz (adibidez, Alde Zaharrean). Eta Iruñeko Euskalgintzak iragan ikasturtean kanpaina egin zuen eskaera berarekin.

Ostiralera arte, otsailaren 26 arte, eskatu ahalko dute 0 eta 3 urte bitarteko haurren gurasoek umeak eskolaz lekualdatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!