'D eredua: aberastasunaren eredu', Sortzenen lema aurre-matrikulazio kanpainan

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 11a, 14:22
Sergio Iribarren Sortzeneko koordinatzaile nagusia eta Oihana Beloki Iruñerriko Sortzeneko arduraduna.

Eredu publikoaren hautua eta euskarazko aukera osatuena dela nabarmendu dute. Astelehenean hasiko da aurre-matrikulazio kanpaina Haur eta Lehen Hezkuntzan.

D eredua, aberastasunaren eredu. Lema horixe jarriko du abian Sortzenek astelehenetik aurrera. Eredu publikoaren hautua eta euskarazko aukera osatuena dela nabarmendu dute. Aurtengo kanpaina, berezitasunez betea datorrela ere onartu dute. D eredua Nafarroa osora zabaltzeko aukera izanen da eta horretan jarri dute indarra. Sergio Iribarren Sortzeneko koordinatzaile nagusia da.

Ikastetxe publikoek eskaintzen ez zuten aukera da D ereduarena. Hemendik aurrera baina, eremu ez euskaldun izendatutako horretan ere, izanen da euskarazko ereduan izen emateko aukera. Berrikuntza horren aurrean, kanpaina berezia eginen du. Furgo D izena jarri diote. Izan ere, eremu ez euskaldunetako herrietan ariko dira furgoneta batean informazioa helarazten. Erakusketa bat izanen dute ikusgai jartzeko, D ereduak eskaintzeko duen guztiarekin eta azalpenak ere emanen dituzte. Zalantzak, kezkak eta beldurrak argitzea da xedea. Oihana Beloki Iruñerriko Sortzeneko arduraduna da.

Kaparroson eta Alesbesen izanak dira. Datozen egunetan Erriberrin, Mendigorria, Oteiza eta Cintruenigon ere izanen dira. Interesa izanez gero, beste herrietara joateko prest ere azaldu dira Sortzeneko kideak.

Beste bi kanpaina ere eginen dituzte. Lehena, orokorragoa izanen da. D eredua, aberastasunaren eredua dela azaltzen duten triptikoak, informazio txartelak eta aldizkariak banatuko dituzte.

Bigarrenik, Sakanan ere zentratuko dute aurre kanpaina berezia. Iturri zaharreko ur berria izenarekin, bailaran diren ikastetxe publikoen garrantzia azpimarratuko dute. Herri eskolak direlako, biziraupenerako ezinbestekoak eta belaunaldi berriei bideratutakoak.

D eredua etorkizuneko eredua dela sinetsita, Nafarroako Gobernuari eskatu diote egin dezala apustu euskarazko hezkuntza ziurtatzen duen ereduaren alde.

Lan eskaintza publikoan ere, errealitateak eskatzen duen eskaintza egitea eta zerrenda bakarra osatzea eskatu dio Sortzenek, hori delakoan bidezkoa den aukera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!