Eskola jazarpena izugarri murriztea lortu dute Finlandian KiVa programari esker. Finlandiako Turku Unibertsitateak landu duen programa da, herrialde horretako Gobernuak hala eskatuta. 2006an hasi ziren lantzen programa hau, baina 2009an jarri zuten martxan, eta geroztik emaitzak harrigarriak izan dira. Jazarpen kasu batean esku-hartzeko eta jarraipena egiteko programa ere baden arren, KiVak bereziki prebentzioan jartzen du indar handiena. Eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du.
Joan den urtarrilaren 29an Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian, goiz osoan zehar Johanna Alanen eta Ulrika Willför-Nyman-en eskutik ezagutu zuten programa ikastolek. Lehena KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea da. Bigarrena, berriz, programa hori duela urte batzuetatik hona indarrean duen eskola bateko zuzendaria.
Programa honen inguruko informazioa ekarri digu Euskalerria Irratira Josu Reparaz Nafarroako Ikastolen Federazioko zuzendariak.