Udaleko Emakumearenganako Arreta Zerbitzuak, 25 urte

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 9a, 13:40

Bereziki, genero indarkeria kasuak atenditzen ditu baina baita bestelako arazoak ere. Urteotan 6.200 kasurekin egin dute lan.

25 urte bete ditu Emakumearenganako Udaleko Arreta Zerbitzuak. 1991ko urtarrilean ekin zion bere bideari eta urteotan 6.200 pertsonari eskaini die arreta. Bereziki, genero indarkeria kasuak atenditzen ditu baina bestelakoetan ere zerbitzua eskaintzen die: prostituziotik atera nahi dutenekin, seme-alabak bakarrik izan dutenekin, pobrezian dauden etorkinekin edo bikotekidearekin banantze prozesuan daudenekin egin dute lan.

Iaz, 560 kasurekin egin zuten lan. Horien artetik 103 genero indarkeriarekin lotura zuten kasuak izan ziren. Nabarmendu dute, orain, azkarrago eta egokiago antzematen direla kasu horiek eta profesionalagoa dela eskaintzen ahal zaien arreta. "Ez dago perfil zehatzik. Gehienak hori bai, gazteak dira, 20 eta 49 urte artekoak", diote zerbitzu hori eskaintzen duten profesionalek.

Tresnak ematen zaizkie arazoak dituzten emakumeei, irtenbideak bilatzeko lan egiten da eurekin eta bizitza duina izateko laguntza eskaintzen zaie. 25 urteotan beharrak aldatu egin dira, tamalez ez gehiegi. Erronka orain,  prebentzioan dago. Genero indarkeria ekiditea ezinbestekoa da. Horretarako, argi izan behar da indarkeria, izebergaren punta baino ez dela eta sustraira jo behar dela, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzera.

Prebentzioan egin behar da lan

Hezkuntzan jarri dute soa. Berdintasunean hezteko beharra dagoela nabarmendu dute. Eta euren lanarekin zerikusia duenaren artean, 20 urtetik beherako gazteen artera iristea eta 65 urtetik gorakoetara. Horixe da euren nahia orain.

Emakumearenganako Udaleko Arreta Zerbitzuak 25 urte bete ditu eta bere zerbitzua beharrezkoa izaten segitzen du. Uneotan, Arrotxapean dute egoitza eta gizarte langilea, psikologoa, aholkularitza juridikorako abokatua eta administraria ari dira lanean zerbitzu horretan.

25 urteak ospatzeko mahai inguruak, hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatuko dituzte. Iruñeko Udalarekin batera ariko dira horiek guztiak antolatzen, eta horrez gain, Udalarekin batera Gobernua ere Berdintasun hirugarren plana prestatzen ari da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!