Lantzen erasotutako kameraria: "Eraso sexista pairatu dut kalejirako hainbat pertsonaren eskutik"

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 9a, 12:24

EiTBk salatu du kamerari bati eraso egin ziotela atzo, Lantzeko inauterietan, eta hedabideetan informazio kontrajarria zabaldu ostean, idazkia kaleratu du kamerariak berak. "Ukituak, makil bat hanka artean jartzea eta bultzadak" deskribatu ditu, kritiko.

EiTBrako irudiak grabatzen ari zela "kalejirako hainbat pertsonaiek" eraso sexista egin ziotela salatu du Fase 3 S.A langileak. "Eraso sexista pairatu dut hainbat pertsonen eskutik, identifika ezinak zaizkidanak, estalita zeudelako. Batek atzetik hartu ninduen, eta nire kontra igurtzi zen, ni nire lana egiten ahalegintzen nintzen bitartean", adierazi du.

Ez da hori izan bakarra, zoritxarrez. "Bigarren batek makil bat sartu zidan hanka artetik, mugimendu bertikalak eginez. Azkenik, hirugarrengoak bultza egin ninduen ia-ia oreka galtzeraino; gero, besoetan hartu ninduen, astintzeko".

Gertatu zaiona salatu egin du, ahoan bilorik gabe: "Gaitzetsi egiten ditut halako jokaerak emakume, pertsona, bai eta profesional gisa ere". "Gisa horretako gertaerak" toleratu ezin direla azpimarratu du. Haren irudiko, "festa, inauteriak, ekitaldi publikoak" ez dira aitzakia. Era berean, pairatutako lehenengo bi gertakariak "generoarekin lotutakoak" dira, haren hitzetan. "Genero maskulinoko nire lankideek ez zuten niri gertatutakoaren gisakorik bizi", jakinarazi du.

Bestalde, Ziripot pertsonaiak zerikusirik ez du izan, jakinarazi duenez; izan ere, horrela zabaldu dute hainbat hedabidek, eta kamerariak ukatu egin du.

Jasotako babesa eskertu, eta Lantzeko herria "kriminalizatu" nahi ez duela adierazi du, "pairatu duen gertakari hori" baino ez duela arbuiatu argitu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!