Lankidetza bekak eskatzeko epea ireki du NUPek

Euskalerria Irratia 2016ko ots. 9a, 08:16
Argazkia: Nafarroako Unibertsitate Publikoa. / turismodepamplona.es

Zailtasun ekonomikoak dituztenei zuzenduta, zazpi unibertsitatetan ikasteko 80 beka eskainiko dituzte.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak haren webgunean eman du deialdiaren berri.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2016. urtean ikastegietan eta sailetan lankidetza bekak lortzeko eskabideak aurkezteko epea ireki du. Guztira 80 laguntza ekonomiko emango dira, eta horietatik zazpi unibertsitatean ikasten jarraitzeko zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleentzat izango dira. Interesa duten ikasleek otsailaren 12ra arte dute epea lankidetza proiektu bat aurkezteko ikastegi edo sailetako batean. Eskabidea eta gainerako dokumentazioa Iruñeko eta Tuterako campusetako erregistroetan aurkeztu behar da otsailaren 15etik 19ra bitartean.

NUPeko lankidetza beken helburua da ikasleen prestakuntza handiagotzea, bakoitza ikasten ari den ikasketen eremuaren barruan, eta profesional eta ikertzaile bezala daukan etorkizuna bideratzen erraztea. Beka bakoitzaren diru-kopurua 175 euro da, hilean, eta beka jasotzen dutenek astean bederatzi zerbitzu-ordu sartu beharko dituzte aurtengo martxoaren 7tik ekainaren 6ra.

Laguntza mota hauek 2015-2016 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko bigarren zikloko, graduko edo masterreko ikasketa ofizialak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Deialdi honetan parte hartzeko, oinarriek ezartzen dute beharrezkoa dela graduko ikasleei 120 kreditu baino gutxiago falta izatea beren ikasketak bukatzeko, gradu amaierako lanaren kredituak ere barne.

Eskatzaile guztiek proiektu bat aurkeztu beharko dute, eta bertan aukeratu duten ikastegian edo sailean egingo diren lanak, arduraldia, eta garatuko dituzten zereginak zehaztuko dira. Ikastegiak edo sailak behar den bezala bermatu behar du proiektu hau, eta eskatzailea egiten ari den titulazioko enborreko edo nahitaezko irakasgairen bati buruzkoa izango da.

Balioesteko irizpideak

Hautaketa egiterakoan kontuan hartuko dira proiektuaren izaera berritzailea, garatuko den ikastegi edo sailean duen aplikazioa, lankidetza edo ikerketa proiektu berrietan lanarekin jarraitzeko aukera, teknologia berriak sartzea eta ikasketa espedientea. Behar ekonomikoak dituzten ikasleentzat gordetzen diren postuen kasuan, aurreikusi da Gizarte Ekintzarako Unitateak egoera justifikatzeko aurkezten den dokumentazioa balioets dezan, gehienez ere sei punturekin.

Beka orokorretarako onartuen behin-behineko zerrenda heldu den otsailaren 26an jarriko da NUPeko iragarki-oholetan eta webgunean. Otsailaren 29tik martxoaren 2ra erreklamazioak aurkeztu ahalko dira, eta martxoaren 4an behin betiko zerrenda argitaratuko da. Zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleen hautaketen emaitzak pertsonalki jakinaraziko dira posta elektronikoaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!