Nafarroa osora zabalduko dute D eredua

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 26a, 13:19

Gela bat sortzeko zortzi aurre matrikula edukitzea da lauko gobernua aztertzen ari den baldintzetako bat. Otsailaren 15etik 19 arte izanen da aurre matrikula.

Aurreko legealdian Euskararen Legean egindako aldaketen ondorio da euskaraz matrikulatzeko aukera. UPNk eta PPK legea zegoen bezala utz zezaten eskatu bazuten ere, Nafarroako Parlamentuak eredua zabaltzearen alde egin zuen.

Zalantza zabaldu zen orduan: non jarriko dira ratioen gutxienekoak? Alegia, zenbat haur beharko dira D eredua ezartzeko?Hori da Nafarroako Gobernua orain ikertzen ari dena.

Orain arteko zenbakiak askotarikoak dira: esaterako, 1988ko foru agindu batek dio hamabost haur behar direla herrietan, eta hogei Iruñerrian. Bada, aitzitik, bestelakoa dioen araua bat: landa inguruetan aski da bost umerekin.

Zehaztapen txikia dago oraingoz. Otsailaren 1ean hezkuntza komunitateari jakinaraziko dio gobernuak egon egonen dela D ereduan izena emateko aukera, zonaldea edozein dela ere, eta orduantxe eginen ditu publiko datu gehiago ere.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!