Otsailaren 15etik 19ra izanen da aurre-matrikulazioa

Euskalerria Irratia 2016ko urt. 15a, 08:34
Haurrak margotzen. Arg:dindaia.eus

2016-2017 ikasturterako Haur eta Lehen hezkuntzarako izen-emateko epea zabalduko da otsailaren bigarren hamabostaldian.

Otsailaren bigarren hamabostaldian eman beharko da izena, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan. 2016-2017 ikasturterako izen emateak izanen dira horiek Hezkuntza Departamentuak aurreratu duen moduan.

Ohiko datak errespetatuko ditu Jose Luis Mendoza kontseilariaren departamentuak heldu den ikasturterako ere. 2014an eta 2015ean otsailaren 9an ekin zioten aurre-matrikulazio kanpainari eta aurten ere data horren inguruan ariko dira: otsailaren 15etik 19ra izanen da epea.

Berrikuntzak ere izanen dira. Alde batetik, PAI, Ingelesa Ikasteko Programak abian segituko duela 2016-2017 ikasturtean. Programa hori abian den 109 zentroetan aukera izanen da beraz, programa horretan aurre-matrikula egiteko. Horrez gain, lehen aldia izanen da ere, vascuencearen legeak ezartzen duen mugen arabera, eremu ez-euskalduna izeneko horretan D ereduan eskaririk baden jakiteko. Hori posible izanen da, Vascuencearen legearen azken aldaketari esker, eta jasotzen duena da, eskaririk bada, eskaintza egin beharko dela. Modu horretan, eremu ez euskalduna eremu mixtoarekin parekatuko litzateke irakaskuntza mota hautatzeko aukeren atalean.

Jakina den bestea, Hezkuntza departamentuak aurre-matrikula epea zabaltzen den arte, kanpaina eginen duela. Eredu publikoan, ikastetxe publikoan izen emateko deia eginen du bereziki. Stee-Eilas sindikatutik gainera, eskatu diote Gobernuari zabal dezala beste mezu bat: iritsi dadila eremu ez euskalduna deitutako horretara, gurasoek aukera dutela D ereduaren alde egiteko, aurre-martrikula D ereduan egiteko, hala izanik, eskaintza egiteko konpromisoa izanen duelako Gobernuak.

Gauzak horrela, Gobernuak zehaztu beharko duena da, zenbat haurrek egin beharko luketen eskaera D ereduan, D ereduko irakaskuntza ziurta diezaieten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!