'Aztnugal' kanpaina aurkeztu dute Ekineko kide izatea leporatuta epaituko dituzten gazteek

Euskalerria Irratia 2015ko aza. 30a, 09:58

Laguntza hitza hartu dute ardatz 4/2014 sumarioan auzipetutako Jon Patxi Arratibelek, Iñigo Gonzalezek, Gorka Mayok, Iker Morenok eta Gorka Zabalak. Apirilaren 14tik 21era epaituko dituzte; zortzi urteko espetxe zigorra eskatzen dute haien kontra.

Aztnugal. Laguntza hitza aldrebes idatzita. 2011ko urtarrilaren 18an atxilotu zituzten bost nafarrak, eta inkomunikazio bitartean egindako polizia deklarazioa lelo horrekin sinatu zuen Jon Patxi Arratibelek. Torturak salatu zituzten denek.

Orain, haien kontrako prozesuak aurrera darrai. Erakunde armatuko kide izatea egozten diete. Haien hitzetan, "zentzugabekeria" da aurrera segitzen duena. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak tortura salaketak ez dituela ikertu salatu dute.

"Ikaragarria da XXI. mendean, estatu espainiarrean, tortura salaketen aurrean beste alde batera begiratzen jarraitzea", esan dute. Halaber, Espainiak giza eskubideen urraketa "iraunkorra" egiten duela izan dute kritika gai.

Horregatik, laguntza. Bi zentzutan: lehenik eta behin, torturarekin amaitzeko; bigarrenik, gatazka politikoarekin amaitzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!