2012. urteko urritik laguntzarik ez dute jaso Nafarroako euskaltegiek. Aurten ordea, ematen du iritsiko zaiela babes ekonomikoa Gobernutik. 132.000 euroko diru saila banatuko du Gobernuak helduentzako euskara irakaskuntzarako. Urritik abendura arteko diru saila da onetsi duena.
"Aurrera jarraitu ahal izateko aukera ere kolokan" jarri dutela aitortu zuten IKA eta AEK euskaltegietako kideek behin baino gehiagotan. "Nafarroako Gobernuari dagokion zerbitzu publikoa egiten ari gara", gogoratu zuen duela zenbait hilabete Sagrario Aleman IKAko irakasleak. Helios del Santo AEKko irakasleak erantsi zuen 2013an egindako lanari buruzko agiri guztiak jarri zituztela Nafarroako Gobernuaren esku; baina, hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak ez zuen diru saila banatu.