Esparzak UPNren botoak eskaini dizkio Txibiteri, IErekin Gobernua osa dezan

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 29a, 10:41

Esparza, hauteskunde gauean (Argazkia: Reyes Ilintxeta)

Izquierda Ezkerrak berehalakoan erantzun du ez duela halakorik eginen. Bistan denez, UPNk arazoak ditu M24ko porrota onartzeko.

Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkariak dakar albistea, azalean, bost zutabera, hizki larriz: Vianako Printzea plazan formula aritmetikoa topatu dute aldaketaren gobernua zapuzten ahalegintzeko. UPN + PSN + PP + IE = 26. Bistan da gehiengo osoa bermatuko lukeen hizki zopa hori ideologikoki irensten zaila dela. Erregionalisten betiko errezeta erabili dute justifikatzeko:  “abertzalerik gabeko gobernu konstituzionalista” bermatuko litzateke. Enegarren aldiz, mamu identitarioa, baskoak datozenaren mehatxua.

Nolanahi ere, bistan da “abertzalerik gabeko gobernu konstituzionalista” horri beste modu batean ere deitzen ahal zaiola, esate baterako, fronte Espainiazalea. Espero zitekeenez, IEk berehalakoan ezezko batekin erantzun dio Esparzaren proposamenari.

UPNko zerrendaburu Javier Esparzak honako modu honetan justifikatu nahi izan du proposamena: “Bozkatuenak izanagatik ere urrats bat atzera egin behar badugu egonkortasuna eta Nafarroak Nafarroa izaten segituko duela bermatzeko, halaxe eginen dugu. Nire alderdia arduratsua da, eta badaki une honetan zer den garrantzitsua: abertzaleei aurre eginen dien Nafarroa konstituzionalista bat”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!