Gobernua osatzeko negoziazio mahaia, Euskalerria Irratian

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 27a, 13:35

Geroa Baiko Manu Aierdi, EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Podemos-Ahal Duguko Eduardo Santos eta Izquierda Ezkerrako Joseba Ezeolaza mahaiaren bueltan elkartu ditugu, aldaketaren gobernua negozia zezaten. Atera ditugun ondorio nagusiak: askoz gehiago direla adostasunak desadostasunak baino, eta denok daukatela akordio batera iristeko borondate irmoa.

Aldaketa PSNrekin ala PSN gabe?

Manu Aierdi: Gu haiekin egongo gara. Haiek esan dute askotan aldaketa nahi dutela. Eta zein gara gu hori dioen alderdia baztertzeko. Ikusiko dugu. Gauza bat aldatu da argi eta garbi. PSN orain ez da beharrezkoa”.

Bakartxo Ruiz: Denak dira ongietorriak hitz egiteko. Baina PSNk nahiko lukeen aldaketa ez dugu partekatzen. PSN ez da fidatzekoa. PSNk ordezkatzen duen oinarri soziala ez da baztertu behar. Gobernu berriak integratzailea izan nahi du, baina horrek ez du zertan ekarri behar PSN alderdi politiko gisa integratzea”. PSN, erregimenaren Troyako zaldia Gobernuan sartzeak beldurra emanen lidake.

Eduardo Santos: Haiek jakinen dute non kokatu nahi duten. Baina guk betidanik argi eta garbi esan dugu PSNrekin ez dugula kontatzen, guretzat ez dugulako fidagarritzat jotzen. Ez dugu baztertzen elkarrizketa PSN eta UPNrekin. PSNk izandako azken bi esperientziak, Otanorena eta Barcinarena, guztiok dakigu nola amaitu ziren. Aldaketak iraunkortasuna behar du, eta PSNrekin oso zaila da.

Joseba Ezeolaza: Gobernu alternatiboaren ardura izan behar da gizartea irabaztea. 26 parlamentarietara iritsi gara, baina gizarte osoari begira gobernatu behar dugu, hegemonia sozial eta kulturala irabazi behar dugu, eta abegikorrak izan behar dugu PSNk ordezkatzen duen oinarri sozialarekin. PSNrekin oso gogorrak izan gara kritikatzeko tenorean, baina eskuzabalak izan behar dugu”.

Akordio programatikoa zaila izanen al da?

Aierdi: Ezberdintasunak badaude gure artean, baina askoz gehiago dira ados gauden gauzak. Elkarrizketako lehen txanda hau oso garrantzitsua izanen da hau argitzeko. Diskrezioz eta txukun lan egin behar dugu, akordio programatikoan aurrera egiteko. Denbora behar da, eta ardura. Garrantzitsuena da aldaketa nahia dagoela, eta horrek guztiok bultzatuko gaitu.

Ruiz: Aspaldidanik esan dugu aldaketak une honetan lehentasun batzuk badituela: lehena, alfonbrak altxatzea; bigarrena, okerren pasatzen ari direnen jende multzo handi horri, larrialdi sozial horri erantzunak ematea eta Nafarroa berri horri oinarriak jartzen hastea. Manurekin bat nator: garrantzitsuena edukiak dira, eta adostasuna lortzeko borondatea badago. EH Bildun urte asko daramatzagu horren alde lanean, eta jendartearen aginduari erantzun egokia emanen diogu, zalantzarik gabe.

Santos: Programak alderatu behar dira, eta hori eginez ikusiko dugu zein ezberdintasun egon daitezkeen. Guk aurretik ikusten dugu desberdintasunak eduki ditzakegula eredu produktiboan eta erreforma fiskalean. Gure lehentasuna programan herritarren erreskatea da. Definitu ditugu hainbat neurri herritarrak pobreziatik ateratzeko. Ikusiko dugu nola egin hori. Ikusi beharko dugu Gobernuan zer topatzen dugun. Auditoria egin beharko dugu eta ikusi sarrerak non dauden. Gu hitz egiteko gaude.

Ezeolaza: Guk gure aldarrikapenak hiru ardatzen inguruan eginen ditugu. Bakartxok esan duen bezala, krisiaren biktimen bizi kalitatea hobetu behar dugu, sekulako ezberintasun soziala eta bazterkeria soziala pairatu baitugu. Ustelkeriarekin eta xahukeriarekin amaitu behar dugu: Los Arcos, Navarra Arena... Eta azkenik, bizikidetza bermatu behar dugu. Lehen bezala orain Nafarroa anitza da, eta hori errespetatu eta landu behar dugu. Bestalde, ikasi behar dugu adostasunak ez ezik desadostasunak ere normaltasunak kudeatzen. Ezadostasunak ere hitzartzen ahal dira. Hori ere ikasi behar dugu. Bestela lobby meditatikoek, sindikalek, politikoek ezadostasun horiekin sekulako egurra emanen digute.

Zein forma eduki behar du aldaketaren gobernuak? Koalizioa izan behar da? Gutxiengoan oinarrituriko gobernua?

Aierdi: Uxuek argi esan du logikoena dela koalizio gobernua. Gero koalizioa nola osatu, zein baldintzekin ikusi beharko da. Uxuek dioen bezala garrantzitsua da alderdien kuotek ez zapuztea aldaketaren gobernu. Sukalde lan asko behar dugu, eta asko zaindu behar dugu zer esaten dugun publikoki lehen aste hauetan. Garrantzitsuena da borondatea badela. Eta badakigula zer esan digun gizarteak. Lehen Eduardok esan du gobernuak iraunkorra izan behar dela. Aldaketa lasai, sakon, eta luzea behar dugu, Nafarroaren aniztasuna errespetatuz gauzatutakoa.

Ruiz: Itxura batean koalizio gobernua da logikoena, baina hitz egin behar da. Manuk dioen bezala, ezer ez dago itxita. Ez dakit formula horren bidez edo beste baten bidez, baina argi dago helburua dela aldaketaren gobernu iraunkor eta egonkor bat lortzea, eta horretarako denok gobernuarekin konprometitua egotea lortu behar dugu. Horrek esan nahi du akordio programatikoaren jarraipena egiteko gune politiko antolatu bat eratu behar dela. Geroa Baik planteatzen duen ideiarekin bat gatoz: guztion gobernua izan behar du. Gobernu horrek zuzendaritza politiko bat behar du, eta ardura hori Geroa Bairi dagokio, baina denok sentitu behar dugu horrekin konprometiturik, eta horretarako babes politikoa eta soziala oso garrantzitsua da. Horretarako borondatea eta gaitasuna badugu. Iraganeko akatsetatik ikasi dugu, eta kultura politiko ezberdinetako pertsonen artean lan egitera ohitu gara.

Santos: Hauteskundeetan oso ongi planteatu da: edo UPNk agintzen du, edo mahai honen bueltan bildu garenok agintzen dugu. Eskuinak hala planteatu du. EH Bilduren B zerrenda ginela ere esan dute. Eta, hori jakinda, Nafarroako jendea argi mintzatu da, eta apustu bat egin du. Edo sinesten dugu demokrazian edo ez dugu sinesten. Eta demokrazian sinesten badugu, akordio programatikoa lotu behar dugu lauon artean. Ez dago besterik. Gobernua barrutik sostengatuko dugun edo kanpotik? Formula gero ikusiko dugu. Betiko galdera: Madrildik oztoporik jarriko dute EH Bildurekin gobernua osatzen baduzue? Ez dakit. Baina badakit azken erabakia hemen hartuko dugu. Badakit jendeak zalantzak eduki ditzakeela, Ferrazen aurrekaria hor dagoelako. Biana gu ez gara PSN. Gure lehentasuna programa, eta jendea politikaren erdian jartzea.

Ezeolaza: Mahai honetan txikienak gara, eta hori apaltasunez argi eduki behar dugu. Halako erabakietan gure iritzia bigarren mailakoa izanen da. Hori argi dago. Formula konkretua niretzako bigarren mailako kezka bat da. Gobernu berri honek jendeari begira agindu behar du. Hori jakinda, oinarriek sendoak behar dute izan. Posiblea da gutxiengoan oinarrituriko gobernua eratzea, baina lehentasunezko bazkideekin, Otanoren gobernuak egin zuen bezala. Formula asko dago eta demokrazian dena asmaturik dago. Gure kezka da gizarteak oso argi eskatu duela aldaketa, eta guk hori bermatu behar dugu, hala Parlamentuan nola udaletan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!