Cristina Altuna: “UPNk gogoeta sakona egin behar du”

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 25a, 12:24

Alderdi erregionalistako foru hautagaitzako zortzigarren hautagaia da Cristina Altuna. Bere alderdik oraindik bozkatuena nabarmendu du, Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioan egin dioten elkarrizketan.

Lau parlamentari eta 20.000 boto galdu dituzue. Zer balorazio egiten duzue?

Edozein jaitsiera txarra da. Dena den, oraindik 91.000 nafarrek UPNrengan dute konfiantza eta talde politiko bozkatuena izaten segitzen dugu. Zergatik jaitsi garen? Argi dago azken lau urte hauek oso zailak izan direla, eta kudeaketa egitea oso zaila izan dela. Beste lekuetan ere zigortu dituzte lau urte hauetan kudeaketa egin dutenak.

Udaletan ere kolpe handiak jaso dituzue. Galdu dituzue Iruñea, Tutera, Tafalla, Barañain… Parlamentuan eta udaletan behera egin duzue. Norabide aldaketa behar al du alderdiak?

Emaitzak sakonki aztertu behar dira ondorioak ateratzeko. UPNk ikusi beharko du zertan hobetu behar den, eta nola hobetu dezakeen bere lana, beste 20.000 nafar horiek berreskuratzeko. Argi dago gogoeta prozesu bat egin behar dugula, eta ikusiko dugu zein ondorio ateratzen ditugun.

Esparzak atzo esan zuen gainerako alderdiekin bilera erronda eginen duela, EH Bildurekin izan ezik. Oraindik uste duzue baduzuela gobernua osatzeko aukera?

Beste alderdi politikoekin hitz egin eta gero erantzunen diogu galdera horri. Zaila dirudi, badirudielako Podemos, Eh Bildu, Izquierda Ezskerra eta Geroa Bairen artean badagoela akordio bat, Araizek berak kanpainan esan duenez, eta horren zailtzen du beste akordio batera iristea. Baina beste alderdiekin hitz egiteko prest dago UPN, eta ikusiko dugu nola geratzen diren gauzak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!