Kontuen Ganberak Navarra Arena behingoz zabaltzeko eskatu dio foru Gobernuari

Euskalerria Irratia 2015ko api. 10a, 14:06

Navarra Arena kiroldegiaren lanak behingoz amaitu eta errentagarritasunaren bila jo behar dela nabarmendu du Kontuen Ganberak egin duen txostenak.

Navarra Arena kiroldegiaren egoera aztertu du Helio Robleda buru duen Kontuen Ganberak. Txostenak dioenez, "pabilioiaren behin behineko egoerari irtenbide bat eman behar zaio lehenbailehen. Amaitu gabeko lanak bukatu eta kiroldegiaren kudeaketaz arduratuko den enpresa zein izanen den erabaki beharko litzateke ahalik eta lasterren". Eraikuntzaren inbertsioari errentagarritasunik handiena ateratzeko neurri egokiak hartzea gomendatzen du Kontuen Ganberak.

Erabaki horiek hartzen ez diren bitartean, mantentze-lanak behar bezala antolatzeko beharra azpimarratzen du txostenak. Izan ere, eginiko inbertsioak eta instalazioen ezaugarriak kontuan harturik, funtsezkoa da mantentze-lanak finkatzea. Gobernuak oraindik, ez du zehaztu kiroldegia nola kudeatuko duen. Itxura guztien arabera, enpresa pribatu batzuekin harremanetan jarri da baina oraindik ez du deus finkaturik.

Momentuz, ez dago obra lanak amaitzeko aurreikuspenik eta, beraz, inork ez daki noiz zabalduko den kiroldegia. 2015eko aurrekontuek obrari loturiko diru-sail bakarra jasotzen dute: 390.000 euro, mantentze-lanetarako.

55 milioi euroko inbertsioa orain arte

Kontuen Ganberak gogoratzen du ere, kiroldegia egiteko hirigintza planaren aldaketa Osasunak bultzatu zuen, klubak dituen lur-sailetan. Horren bitartez, Iruñeko Udalak lur-sail bat eskuratu zuen, eta ondoren Gobernuari eman zion kiroldegia egiteko.

Orain arte 55 milioi euroko inbertsioa behar izan du Nafarroako Gobernuak kiroldegiaren eraikuntzarako eta lanak bukatzeko beste 6,2 milioi euro gehiago beharko dituela aurreikusi du.

2008ko apirilean Gobernuak proposamen zehatza aurkeztu zuen. Honakoak ziren inbertsioaren ezaugarri nagusiak:  erdiko pistan 10.000 ikuslerendako harmaila, 2.500 ikuslerendako frontoi bat, kirol-museoa eta lurpeko aparkalekua. Gobernuak PSNrekin hitzartu zuen Plan Navarra 2012 izenekoan, lehentasunezko inbertsiotzat jo zuten.

Erabili anitzeko instalazioa egitea zen helburua, bertan kirolaz gain bestelako jarduerak antolatzeko asmoz. Obra lanen hasiera 2009ko irailean finkatu zen. Amaiera, berriz, 2011ko lehen hiruhilekorako aurreikusi zen. Hasieran inbertsioaren kudeaketa SPRIN enpresa publikoaren esku utzi bazen ere, azkenean Kirol Institutuak hartu zuen bere gain.

Nafarroako Kontuen Ganberak Reyno de Navarra Arena kiroldegiari buruzko txostena da kaleratu duena diogunez. Txostena Parlamentuak eskatu zuen.

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!