Iruñean ospatuko du Aberri Eguna Independentistak sareak

Euskalerria Irratia 2015ko mar. 20a, 13:06

Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari! leloa izanen du aurtengo Aberri Egunak. Independentista sareak Iruñea izanen du aldarrikapen eta festa giroan murgiltzeko hitzordua apirilaren 5ean.

"Gero eta nabarmenagoa da Euskal Herriaren etorkizuna jokoan dagoela. Krisi ekonomikoari, ustelkeria, inboluzio politiko eta eskubideen murrizketei, babes sozialaren eta zerbitzu publikoen deusezteari, langabeziari, pobreziari … aurre egiteko etorkizuna Euskal Herriarena izan behar da", adierazi du Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko kideak. Iruñean ospatuko dute Aberri Eguna aurten ere, Guztion etorkizuna jokoan dago. Heldu independentziari leloa izanen du. Bost puntako izar berdea izanen da, beste behin, Independentistak sareak antolatu duen egunaren irudia.

Gizarte eragileengandik jaso duten babesa eta laguntza nabarmendu dute. Hala nola, Iruñeko tabernek bat egin izana ere bai. Egun osoko egitaraua dute prest. Eguerdian manifestazioa irtengo da Golemetatik eta Sarasate pasealekuan amaituko da. Herri bazkaria, haurrentzako irrien lagunen ikuskizuna eta musika izanen dira nagusi. Independentistak sareak Aberri Egunean parte hartzeko egin du deia, apirilaren 5ean, igandearekin, Iruñean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!