Gogoeta herritarra

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Yecora 2016ko mai. 3a, 12:22

Vascuenceren legea XXX. urteurrenaren atarian dago, eta nafar gizartearen artean bi ekimen handi daude martxan datari begira. Lehenengo ekimenaren hastapena, hurbilena, larunbatean dugu Iruñean; eta bigarrena, ekainaren 4an, manifestazioa.

30 urte beranduago oso bestelako gizartea dugu Nafarroan, baina kasu! Ez esparru guztietan. Urte bete eskas daramagu aldaketaren gobernuarekin, eta euskara izan da argudiorik erabiliena gobernuaren kontra egiteko.

Euskarak nafar guztiak batzen dituen hizkuntza izaterainoko bidea malkarra da, oztopoz beterik. Bide horretan pedagogia ez ezik, ausardia ere erabili behar dute gobernatzeko ardura dutenek.

Euskaldunok, euskaltzaleok ezin dugu gehiago itxaron. Nafarroan hizkuntza-politika eragingarria abian jartzeko unea dela sinisturik, Nafar jendartea suspertu eta ofizialtasunaren aldeko aldarria indartzeko bidean, aste honetako larunbatean, maiatzak 7, bi orduko gogoeta herritarra burutuko dugu Kale Nagusiko Kondestable Jauregian, egungo testuinguruan "Vascuenceren legea" indarrean egotea ulertezina baita.

Euskararekiko egoera murriztailea irauli behar dugu. Ezin dira nafarron hizkuntza-eskubideak dugun bizitokiaren arabera sailkatu. Nafarroan euskararen lege berri bat behar dugu, eta lege honek herritar guztion hizkuntza-eskubideak bermatu behar ditu.

Hitz egin dezagun, bada, horri heltzeko bideaz.
Larunbatean hitzordua, 10:00etatik 12:00etara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!