CNTko militantea eta Xalbador bertsolaria

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2018ko mai. 21a, 15:47

Agur. Jovino Fernandez Ezkabako presoen ihesaldiko bat izan zen. Leongo
CNTko militante horrek ihes egitea lortu zuen Nafarroako alde batetik
bertzera.
Aurreko egunean Jovino Fernandezen alaba agurtu ahal izan nuen eta
entzun nion ez gaudela gerran bezain gaizki, baina Jovinoren borrokaren
arrazoiak ez direla gehiegi aldatu.
Sorogainen hitz horiek hausnartu eta gero, Urepelera joan nintzen lagun
mendizaleen bila. Izan ere, kuadrillako zenbait lagun bi egunez ibili dira
Ezkabako gotorlekutik Urepeleraino: lagunek gerra zibilean ihes egin zuten
presoen ibilbidea egin dute. Bertze lagun batzuk haien bila joan ginen
autoz, etxera bueltan ekartzeko. Aipagarria da iheslarien bidea ederra dela
eta ongi markatua dagoela: gomendagarria zeinahi mendizalerendako.
Oihan eta zelai ederrak, erreka saltokariak eta txorien kantu zoragarriak
aditu ahal izan ditugu egunotan. Horrez gain, jende xaloa ezagutu eta
otordu ederrak egin ditugu. Halere, bidean ikusi ahal izan dut Nafarroako
zenbait egoera desberdin; hala hemen nola mugaz bertzaldean.
Baten batek erranen luke mugak bereizten dituen lurraldeek arras egoera
desberdinak dituztela. Hori ukatu gabe ere, erantzunen nioke, euskaraz
eginez, etxekoago sentitu naizela hala hemengo aldean nola mugaz
bertzaldean.
Txorien kantuen lelo argiak entzun ditut, bai eta Xalbador bertsolariaren
etxaldea ikusi ere; une batez irudikatu ditut Jovino Fernandez eta
Urepeleko artzaina elkarrekin eta, berriz ere, Xalbadorren hitzak gogoratu
ditut: "ez behe eta ez garai", Euskarak Nafarroa batzen du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!