Moreno Cabrera, inposizioa eta euskara

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2018ko api. 23a, 15:21

Agur. Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalaria da eta unibertsitateko irakasle katedraduna Madrilen. Gaztelania da bere ama-hizkuntza, halere, salatzen du gaztelania fase inperialista batean dagoela.
Gaztelaniaren ezarpena XVI. mendean hasi zela adierazi arren, Moreno Cabrerak dio inposatzeko ahalegina argia dela gaur egun. Irakaslearen aburuz, euskararen kontrako erasoak eta mespretxuak gaztelania inposatzeko ahaleginen ondorio zuzenak dira.
Ildo horretan, adituak argi dauka hizkuntza guztiak antzeko komunikabide direla eta berdintsu tratatu beharrekoak. Horregatik, salatzen du gaztelania inposatu nahi duten batzuek ingelesa erabiltzen dutela Estatuko bertze hizkuntzak ahultzeko. Jakitunak dio gaztelania hizkuntza eta kultura nagusi kontsideratzen duten horiek ingelesari ere maila gorena aitortzen diotela eta tokiko hizkuntzen kontra erabili.
Moreno Cabreraren iritziz, estatu-nazionalismo argia dago gaztelaniaren alde: hori dela eta, hizkuntzen arteko berdintasun teorikoa bertan behera uzten du Estatuaren baitako ideologia baztertzaile horrek.
Katedradunak dei egiten du euskararen kontrako erasoak salatzeko eta tokiko hizkuntzak gogo biziz sustatzeko. Bertzenaz, etengabeko bultzadarik gabe, arrisku handia dago boteredunek nahi dituzten hizkuntzak inposatzeko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!