Bidegabekeria lotsagarria

Erabiltzailearen aurpegia Jokin Irigoien 2018ko mar. 5a, 17:49

Agur. Frantziako Iraultza XVIII. mendearen bukaeran izan zen eta bere
aldarrikapen nagusien artean guztiok gogoratzen ditugu hauek:
berdintasuna, askatasuna eta anaitasuna. Gizaki ororendako helburu
desiragarri kontsideratzen baditugu ere, argi dago urrun xamar daudela.
Bada, egunotan, berdintasunaren inguruan mobilizazio berritzailea deitu
dute zenbait taldek: emakumeen greba. Egoera ahalkegarria da: lanbide
gehienetan emakumezkoek gutxiago kobratzen dute eta eskubide
murritzagoak dituzte.
Lanuztearen deitzaile gehienak emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileak
dira eta, anitz kasutan, talde feministak. Egia da eztabaida piztu dela
mobilizazio mota honen inguruan baina, oro har, aski ados gaude mugitu
beharraren inguruan: parekidetasuna ez da lortuko bide horretan guztion
parte hartzea erdietsi arte.
Horregatik, gure laneko emakume gehienek erabaki dute grebaren
deialdiarekin bat egitea eta jardunari dagokion zigorra pairatzea.
Emakumezkoekin hitz egin ondoren, gainerako lankideok deliberatu dugu
lan egitea eta irabaziko duguna haien esku jartzea. Antza denez,
emakumezkoek uko eginen diote kobratzeari; hala bada, bildutako diru
guztia Bilgune Feministarendako izanen da.
Baten batek pentsa lezake laneko gizonezkook ahalegin handiagoa eginen
dugula, baina horrelako keinu txikiak ere behar-beharrezkoak dira
berdintasunaren aldeko ahaleginetan. Emakumeak populazioaren erdia
baino gehiago dira eta parekidetasunik gabeko egoera hau bidegakeria
hutsa izateaz gain, erabat lotsagarria da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!