Urriaren 28an munduratu zen Eleder. Bi hilabete eta erdiko memoria du, beraz. Nik, ordea, bederatzi hilabete atzera, urtarrilaren 28an jaio zela sentitzen dut. Ia urtebete darama niri, guri, naturari lotua. Ia urtebeteko memoria du, beraz. Memoria: berekiko eta inguratzen duenarekiko ezagutza. Urtebetez atzeragokoen jakintza poliki-poliki bere jakin-minetik eta ingurukook (familia, hezkuntza, lagunartea) kontatzen diogunetik jasoko du.
Honatx idatzi honen bueltan seme ttikiari begira otu zaizkidan galderak: noiz hasten gara historia izaten? Eta noiz hasten gara memoria izaten? Noiztik gara historiaren etorkizuneko erantzule? Zenbateko memoria du gutako bakoitzaren historiak?
Duela bi aste zenbait gazte bildu ginen Memoria Historikoaren inguruan elkarrekin lanean hasteko asmo-gogoz. Urteak daramatza Txinparta Elkarteak gai honen buelta-mamitan sekulako lana egiten. Baina, edozein arlotako elkartek duen kezka bera du. Nola inplikatu gazteak? Nola egin arduren transmisioa? Nola idatzi memoria etorkizunetik?
Dagoeneko hamar bat lagun bildu ditu Txinparta Memoria Gaztea Taldeak eta ideiak bor-borka ditu. Aukera eta protagonismoa emanez gero, gazteak badaki zer eta nola nahi duen.
Ez dut zalantzarik, etorkizuneko historian memoriak emango du zeresana eta izango du esateko zer.