Arriskua beti dago presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean… izan daiteke kasualitatea, kausalitatea, patua, zoria, hala behar zuen, zerbaitegatik gertatzen dira gertatzen direnak eta niri gertatu beharra ere, gaur, orain, hemen… eta ipurdia eztenaren parean egokitzen zaizunean mina egiten du. Ez dakit eztenak edo ipurdiak. Hori bai, kaka zahar guztiak eztarrian korapilatzen dira.
Ederra joan zen larunbateko irratsaioa. Gozatu egin zenuen, Irati, eta Iñakiren hitz-jolasek bera ere gustura aritu zela helarazi zizuten. Zergatik ez aitortu: lan bikaina egin zenuen mikrofonoaren aurrean, Iñaki Zubeldiaren lan berriak merezi zuen tarte eder bat eta asmatu zenuten galde-erantzunetan.
Orain dela 46 urte idatzitako “Euskaldun bat Marten” eta argitaratu berri duen “Martetarrak Zarautzen” liburuak izan genituen hizpide. Goizeko hamarretan puntuan Audacity-ri Klik. REC. Grabatzen. Zuzen-zuzenean egindako saioak asteazken iluntzetan errepikatua eta blogean zintzilikatua izateko aukera eduki dezan.
Audacity. Arriskua beti dago presente. Eztenak batzuetan egiten du zizt. Batzuetan baino ez, ia inoiz ez. Ia salbuespen marka izan zen larunbatean. Ipurdia eztenaren parean egokitu eta kaka zahar guztiak eztarrian korapilatu zitzaizkidan. Azken minutuan Olatz Zugastiren kantu eder batekin agur esaten ari nintzela zeharka ikusi nuen ordenagailuko pantaila urdintzen, error eta reiniciar. Bi orduz saiatu nintzen irratsaioa berreskuratzen. Google-ko jarraibide ulertezinei jaramon eginez, Iñigo lankideak ia-ia lortu zuen. Baina ia kondena marka izan zen larunbatean.
Erraza izan zitekeen: gertatu da eta kitto. Baina, mina ematen dizuna eztena edo ipurdia den ez dakizunean kaka zahar guztiak eztarrian korapilatzen zaizkizu. Frustrazioa, inpotentzia, haserrea… erraza izan zitekeen: onartu eta kitto. Baina, geure burua zigortzen dugu sarri gertatzen direnak zergatik gertatzen diren ulertzen ez dugunean.
Epailea: ni
Akusatua: ni
Kausa: ordu eta erdiko sormen lan ederra galtzea
Kondena: ordu eta erdiko sormen lan ederra sortzea
Urtarrilaren 19an arratsaldeko 17:00etan Martuteneko kartzelan sartuko dut neure burua. Eta gorputza. Ordu eta erdiko sormenera kondenatu dut neure burua. Eta gorputza. Literatura kartzelan. Nirekin batera sartuko ditut Nagore Ezeiza eta Ekaitz Goikoetxea. Errugabeak dira, baina, neurekin kondenatzea erabaki dut. Tarteka gertatzen dira halakoak ere. Literatura kartzelan. Ordu eta erdiz. Sormenera kondenatuak.
Agian ausartuko naiz Audacity bidez saioa grabatzen. Hori izan daiteke askatasuna eman diezadakeen fidantza: kartzelan eskainitako literatur saioaren grabaketa. Agian ausartuko naiz Audacity bidez saioa grabatzen.