Madrilgo Ferraz karrika urrun dago Nafarroatik. Baina Madrilgo Ferraz karrikan hartu dira nafarroi dagozkigun erabakiak. Ez behin, ez bitan, gehiagotan baizik. Zorionez, Ferraz karrikak Nafarroako kontuen gainean duen erabakimena franko apaldu da gaur egun, baina horrek ez du erran nahi han gertatzen denak guregan eraginik izanen ez duenik. Nafarroako federazioa Pedro Sanchezen alde lerrokatu da orain arte Espainiako Alderdi Sozialistak bizi duen barne gatazkan. Asteleheneko lurrikaraz geroztik, isilik dago, ordea, Maria Chivitek zuzentzen duen alderdi sozialista nafarra. Larunbateko Batzorde Federalean zirt edo zart eginen du PSOEk. Batzuk aldarrikatzen ari diren bezala, Pedro Sanchezen heriotza politikoa badakar, interesgarria izanen da ikustea gure Maria non kokatzen den. Pedro ederra babesten edo hura beren kutxiloekin akabatzen dutenen artean. Zu ere, ene alaba? Apustuak.