Cheikhouna Senegalgo gazte bat da. Hamar urte baino gehiago pasa dira patera batean Kanariar irletara iritsi zenetik. Oraindik gogoratzen du CIE batean atxilotuta igaro zituen asteak, baita nola sentitu zen askatu zutenean ere, eta nola ibili zen herriz herri Iruñera iritsi arte.
Orain dela hilabete batzuk, poliziak kalean geldiarazi, paperak eskatu eta berak ez zituela erantzun zuenean kanporatze agintea jarri zioten.
Baina Cheikhounak Txantreako kuadrila dauka. Eta hori ez da gutxi, izan ere lagun talde horrek kanporatze aginte horri aurka egitea erabaki du. Batez ere, senegaldarrak apirilean epaiketa bat duelako eta prozesu honetan paperen gaia eztabaidatuko delako. Bere abokatuak dioenez, tira-bira honetan irabazteko aukera ederrak omen ditu, aurretik kondenarik ez duelako, Caritasen eta Gurutze Gorrian laguntzen duelako eta, batez ere, bere bizitza Nafarroan duela egiaztatu ahal delako.
Administrazioak, apirila iritsi baino lehen kanporatzen badu, Alutxeko CIE ezagunera bidaliko du eta handik Senegalera.
Modu horretan euren herrialdetara itzuli behar izaten dutenek, euren familiengandik ez dute harrera onik jasotzen. Egoera gogor horri, lana bilatzeko aukerak ere txikiak direla gehitu behar zaio, beraz, euren buruak bakarrik topatzen dituzte eta dirurik gabe, Nafarroara itzultzeko aukerak ere txikituta. Gauzak horrela, bere koadrila martxan jarri da eta larunbatean, SOS Arrazakeriarekin eta auzoko hainbat elkarterekin euren kezkak azalduko dizkigute. Ni Arriurdiñeta plazan egongo naiz larunbatean goizeko 11ak aldean Cheikhounaren koadrila entzuteko, eta zu?