Komunetan emakumeak grabatu zituen tabernariaren kontrako epaiketa hasi da

Erabiltzailearen aurpegia Lukas Barandiaran San Roman 2017ko mai. 16a, 13:06

Iruñeko epaitegiak.

Tafallako tabernari ohia gaur, asteartean, epaituko dute Iruñean intimitatearen kontrako 120 deliturengatik. Denera, 333 urteko kartzela zigorra eskatzen dituzte haren kontra.

Tafallako tabernaren kudeatzaileak kamerak jarri zituen komunetan, eta 2014ko abuztua eta 2015eko urtarrila bitartean 326 emakume grabatu zituen. Horietatik 120k salaketa jarri dute, beste batzuek ez salatzea erabaki dute, eta beste batzuk ezin izan dituzte identifikatu. Salaketa jarri duten grabatutako emakume bakoitzagatik bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak —98k salatu zuten—, eta adin txikikoen kasuan lau urtekoa —22k salatu zuten—.

Dena den, Ministerio Publikoak eskatu du gehienez hamabi urte igaro ditzala kartzelan. Izan ere, kartzelan igaro dezakeen epea ezin da izan ezarritako zigor gogorrenaren (lau urte) hirukoitza baino luzeagoa.

176.000 euroko indemnizazioa ere eskatu dute biktimentzat, 1.000, 1.500 eta 2.000 euroko kantitateetan banatuta.

Epaituak argudiatu zuen bezeroen jarrera txarrak amaitzeko jarri zituela kamerak, baina fiskaltzak frogatutzat eman zuen komunera sartu ziren emakumeen irudiak hartzeko jarri zituela.

 ARGIAk kasu horretan grabatu zuten emakume baten testigantza jaso zuen. Kasuari aurre egiteko zailtasunak azaltzen ditu idatzian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!