Kazetaria: Eñaut Agirrebengoa @eagirrenbeng
Iruñeak alimaleko gabeziak ditu mugikortasunaren alorrean. Inguruan dituen hainbat hiriren oso atzetik dago. Gasteiz, Donostia edota Zaragozan, kasurako, mugikortasun eredu berri baten aldeko mugarriak ezarri dira mende aldaketaz geroztik. Iruñean, ordea, apenas egin den aitzinamendurik azken 30 urteetan. Areago, okerrera egin duela esan daiteke. 1996 eta 2013 artean gora egin zuen autoen erabilerak, eta behera garraio publikoaren eta bizikleten erabiltzaileen kopuruak. Hori ez da beste inon gertatu.
Gainera, Iruñean udal zirkulazio-zerga merkeagoa da Espainiako Estatuko gainontzeko probintzia-hiriburuetan baino. Kotxeen elkarteek paradisu fiskaltzat dute. Paradoxikoa da, Nafarroak batez besteko errenta altua duelako, eta langabezia gutxien duen erkidegoa delako. Alabaina, ez da ahaztu behar hemen dagoela Volkswagenek Landabenen daukan lantegia. Horrek autoen erabileraren aldeko kutsua ematen dio hiriari.
Albo batera utzi beharko lirateke interes ekonomiko eta partikularrak, eta apustu irmoa egin beharko litzateke mugikortasun eredu moderno baten alde. Egun, hiriaren ardatzetan sei errei daude, eta denak autoentzat dira. Garraio publikoa eta bizikletak bazter uzten dira. Gainera, ardatz horietan abiadura sekulakoa izaten da. Hiri-autobide modukoak dira. Horietan egokitzapen sakonak egin behar dira, baita hiriko puntu beltzetan ere; hala nola, Ermitagaña eta Gipuzkoa etorbideetan.
Arazo larri baten aurrean gaude. Hildakoen kopurua horren lekuko: azken bi urteetan zortzi pertsona hil dira Iruñean kotxe batek harrapatuta. Kasu ia guztietan, biktimak adineko pertsonak izan dira, eta ezbeharrak puntu beltz delako horietan gertatu dira. Horretaz landa, azpimarratzekoa da soilik lekuan bertan edo istripua jazo eta egun gutxitara hildakoak hartzen direla kontuan. Guk, aitzitik, badakigu batzuetan biktimak hilabete batzuetara hiltzen direla.
Alderdikeriak oztopo
Egoera hori iraultzeko asmoz, iazko urrian 8-80 plataforma sortu genuen bizikletarekin loturiko aktibismoan aritutako hainbat lagunek. Hiru dira gure eskaera nagusiak: eskualdean bidegorri sarea osatzea, garraio publikoan moldaketak egitea eta espaloietan dagoen gatazka konpontzeko ordenantza berria sortzea. Udal gobernu berria egungo eredua aldatzeko prest ei dago, baina, momentuz, ez du behar bezalako pausorik egin. Alderdikeriak oztopo ari dira izaten.
Mugikortasunaren alorrean eztabaida ideologikoa dago: batzuentzat, aldaketa guztietan trafikoaren jariakortasuna bermatu behar da, eta beste batzuontzat, besterik gabe, autoen erabilera murriztu egin behar da. Gai oso garrantzitsua da, eta uste dut bestelako alorretan lan egiten duten taldeek gehiago erreparatu beharko lioketela. Finean, mugikortasuna gizarteko arazo askoren isla da. Egungo ereduak autoa duten 20 eta 60 urte arteko gizonezko zuriak lehenesten ditu, eta bazter utzi, besteren artean, umeak, adinekoak, emakumeak, etorkinak... Hori dela eta, kolektibo guztiok landu beharko genuke mugikortasunaren gaia.
Albistea: Argia aldizkarian